Pasa den astean Haur eta Gazteen Psikiatria Zerbitzua Donostia Ospitalera aldi baterako lekualdatuko zela jakin zenetik hautsak arrotu dira eskualdean. Hiritarrek Bidasoaldeko osasun sistemarentzako galera garrantzitsu gisa ikusi dute eta hala baieztatu du Osasun Bidasoa plataformak ere. Cristina Laborda Irungo alkatea eta Igor Enparan Hondarribiko alkatea Osasun Sailarekin biltzekoak dira datorren astean.
Herritarren kexak entzun ostean, Cristina Laborda Irungo alkatea Osasun Sailarekin harremanetan jarri zen eta, Igor Enparan Hondarribiko alkatearekin batera, bilera bat adostu dute datorren asterako. Alkateak azaldu duenez, bileraren helburua da “zerbitzu hori berriro berreskuratzea eta, aldi berean, eskualdeko bizilagun guztientzako kalitatezko osasun arreta bermatuko duen irtenbide batean lan egiteko”
Gainera, alkateak defendatu duenez, osasuna “beti izan da lehentasuna”: Irungo alkatearen hitzetan, agintarien erantzukizuna da herritarren bizi kalitatea eta ongizatea bermatzea, are gehiago osasungintza bezalako gauza garrantzitsu bati buruz hitz egiterakoan. “Horregatik, eta zerbitzu hori ez momentu honetan ez dagoenez, osasunaren defentsaren aldean aurkituko gaituzte, Irunek eta Bidasoaldeak Lurraldeko beste herri batzuek dituzten zerbitzu publiko berberak izan ditzaten”, erantsi du Labordak.
Osasun Bidasoa plataformarekin biera
Era berean, atzo, martxoak 25, alkatea Osasun Bidasoa plataformako ordezkariekin bildu zen, egoera bertatik bertara ezagutzeko eta datorren asteko bileran Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaritzari beraien ekarpenak helarazteko.



