Denboraldiko helburua beteta agurtu du Biok Txingudik aurtengo denboraldia. Taldearen ibilbide berri honen bigarren urtean, Euskadiko lehenengo mailara sailkatzeaz gain, lortutako laugarren postuari esker Gipuzkoako bigarren taldea bilakatu da, Estatuko Ohorezko B mailan dagoen Eibarren atzetik. Azken partidua larunbatean jokatu zuten Durango Ermarmotor taldearen aurka eta Txingudikoek ez zuten garaipen aukerarik topatu Euskal ligako final laurdenetako partidan.
Larunbatean, erronka zaila izango zutela bazekiten ere, lehiaketari itxiera ahalik eta onena lortzeko joan ziren Durangora. Hasierako hamabostekoan Lucia Duran, Alazne Macicior, Maddalen Alberdi, Zumendi Caro, Lupe Pescador, Lohitzun Aia, Lur Gaston, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Leire Muñoz, Paola Vega, Irati Beraiz, Uxune Aranburu, Miren Fernandez, Laida Rodriguez eta Jessica Gomez hasi ziren. Aulkian Ane Novok hasi zuen norgehiagoka. Epailea Alfredo Miranda izan zen.
Belar artifizialean jokatzen duten talde guztien antzera, Durangok baloia azkar mugitzen du eskutik eskura eta bere hiru laurdenak defentsa lerroa abiaduraz haustera ohituta daude. Horrela, lehenengo hogei minutuetan 28 puntuko aldea lortu zuten lau entsegu eraldatu eginez.
Biok Txingudiren indarra meléan zegoen, aurrelari bizkaitarrek nekez egin zieten aurre mugakoei jokoaren arlo horretan. Izan ere, hogeita hamargarren minutuan, Txingudiren lehenengo entsegua Miren Fernandez aurrelariaren eskutik iritsi zen (28-5).
Durangok bere joko azkarra egiten jarraitu zuen eta beste bi alditan zulatu zuen bisitarien defentsa atsedenaldira 42 eta 5 iritsiz.
Bigarren zatian jokoaren erritmoak behera egin bazuen ere, etxekoek norgehiagoka kontrolpean zuten eta abantaila handitu zuten bi entsegu eta eraldaketa batekin 46 eta 56. minutuetan (54-5).
Partida fisikoki exijentea izaten ari bazen ere, Txingudiko jokalariek ez zuten amore eman eta, hirurogeita bigarren minutuan, Miren Fernandezen entsegua eta Leire Muñozen eraldaketari esker, aldea pixka bat murriztu zuten markagailuan (54-12).
Azkeneko minutuetan, hala ere, etxekoak zerbait esateko bazutela erakutsi zuten eta, hiru entsegu eraldaturekin, amaierako 75 eta 12koa jarri zuten markagailuan.
Emaitza honek amaiera jarri dio Biok Txingudiren ibilbideari 2024/25 denboraldian, baina taldearen sentsazioak oso onak dira, aurreikuspen baikorrenetan ere play-offetara sailkatzea erronka zaila baitzen. Gainera, txapelketa ofizialean hoberen aritu den Gipuzkoako bigarren taldea da Txingudi, maila nazionaletan jokatzen duen Eibarren atzetik.
Gazteen emaitza gazi-gozoak
Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan 18 urtez azpiko taldeak Gernikan 50 eta 21 galdu zuten pasa den larunbatean. Bestalde, Txingudi/Baztan 16 urtez azpikoak etxean garaipen oso borrokatua lortu zuen Zarautz/Beltzaken aurka 35 eta 26 irabaziz.
Datorren asteburuan
Larunbatean, maiatzaren 10ean, Txingudi/Baztan 16 urtez azpikoa Lekarozen arituko da 11:00etatik aurrera La Unicaren aurkako norgehiagokan.
Igandean, aldiz, Eskolaren txanda izango da Kontxako topaketan. 10 eta 12 urtez azpiko taldeek Donostiako hondartzan hainbat partida jokatuko dituzte Gipuzkoa osoko taldeen aurka.



