Irungo Udal Euskaltegiak euskara ikastaro trinkoak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan

Irungo Udal Euskaltegiak euskara ikastaro trinkoak eskainiko ditu aurtengo udaran. Ikastaroak uztailean eta abuztuan izango dira, 9:00etatik 13:15era, zehazki, uztaileko hilaren 2tik 30era eta abuztukoa hilaren 1etik 29ra. Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak eta Miren Tolosa Udal Euskaltegiko zuzendariak egitasmoa aurkeztu dute gaur.

Izen emateko epea maiatzaren 26tik ekainaren 6ra izango da. Sandra Caballerok adierazi duenez, “Udalarentzat oso garrantzitsua da Udal Euskaltegiari eta bere ikasleei beharrezkoa den bultzada hori ematen jarraitzea. Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak euskara udalerrian sustatzen jarraitu nahi dutela azaldu du, erraztasunak ematen dituzten aldi berean: “hortaz, jendea animatzen dugu uda aprobetxatzera”.

Doako aukera

LANNAHI programako baldintzak betez gero, ikastaroak doakoak izango dira. Ikastaroak doakoak izateko bi baldintza bete behar dira. Batetik, LANBIDEn lan eskatzaile bezala inskribatua egotea. Bestetik, langabezian egotea, % 50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren % 50 ez gainditzea.

LANNAHI programan interesa dutenek izenematea internet bidez egin beharko dute SAC24h webgunea (www.irun.org/sac) edo hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, IRUN TXARTELA edo beste ziurtagiri elektroniko batzuk (NA elektronikoa, IZENPE txartela, etab.) erabili beharko dituzte. Gainontzeko ikasleek, izenematea euskaltegian egin beharko dute.

Ikastaroa doan egiteko baldintzak betetzen ez dituzten ikasleek, 69,40 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Ordaindutako kopurua udalak urtero ateratzen duen beka deialdiaren bidez berreskuratzeko aukera izango dute.

Eskaria egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Mailaketa proba egiteko 943505273 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude