«Tabakoa modan dago?» hitzaldia emango da ekainaren 2an Palmera Montero Gunean

Maiatzaren 31n Tabakorik gabeko Munduko Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun arloek hitzaldi informatibo bat antolatu dute Bidasoaldeko ESIarekin eta Minbiziaren kontrako Gipuzkoako Elkartearekin batera. Hurrengo astelehenean izango da, ekainaren 2an, arratsaldeko 17:00etan, Palmera Montero guneko bigarren aretoan. «Tabakoa modan dago?» da jardueraren izenburua, eta hizlariak honako hauek izango dira: Laura Ramudo, osasun publikoko zerbitzuko komunitateko erizaina, eta Maider Sierra, goian aipatutako elkarteko prebentzioko teknikaria.

Topaketak ordubete inguru iraungo du, eta zenbait gai jorratuko dira: kea eta kearen ondorioak, tabakoaren eta beste gailu batzuen (adibidez, zigarro elektronikoa) mendekotasuna eta erretzeari uzteko teknikak edo laguntzak Gainera, hizlariek publikoaren galderei erantzungo diete. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, eta interesa duen Irungo edo eskualdeko pertsona orok parte har dezake.

Tabakoaren kontsumoa

Tabakoaren kontsumoak lotura du gaixotasun ugarirekin, eta zuzenean eragiten die osasunari, bizi-kalitateari, aurrezteko gaitasunari eta ingurumenari. Eusko Jaurlaritzaren Osasunaren Behatokiak berriki argitaratutako azterlan batek jaso duenez, erretzaile gehien daukan Gipuzkoako eskualdea da Bidasoaldea. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratutako azkeneko Euskadiko adikzioei buruzko inkestaren arabera, herritarren % 22,53k dio tabakoa edo zigarro elektronikoa erre duela azken 30 egunetan, eta % 18k aitortzen du egunero kontsumitzen dituela produktu horiek. Aipagarria da emakume erretzaileen kopurua 15 eta 21 urte arteko adin-taldean: % 23,5era iristen da, hots, adin bereko gizonezkoen tasa baino 5 puntu gehiago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude