San Pedro eta San Martzial jaien ospakizunak trinketeraino iristen dira. Izan ere, Ramuntxo Trinkete Klubak Trinkete San Martzial Txapelketa antolatuko du urtero moduan hiriko jaiak direla eta. Aurtengoa txapelketa honen 28. edizioa izango da. Txapelketaren antolatzaileetako bat den Iñaki Mutuberriak txapelketaren xehetasunak azaldu dizkigu.
Dagoeneko 28. Trinkete San Martzial Txapelketa jokatzen hasiak zarete. Zer moduz doa?
Momentuz ondo. Orain dela bi hilabete txapelketarako sailkapen fasea jokatzen hasi ginen. Denborarekin antolatu beharreko zerbait da, pilotariek beste konpromiso batzuk dituztelako. Guk antolatutakoa txapelketa pribatu bat da, eta beraz, txapelketa ofizialeko egutegia kontuan hartuz prestatu behar dugu. Irungo Udalaren laguntzarekin antolatzen da. Bidasoaldeko Trinketeko bi klubek parte hartzen dute bertan: Kurpil Kirolak eta Ramuntxo Trinkete Klubak. Badira beste txapelketa garrantzitsuak, esaterako, GRABNI, Euskal Herri osoan eta bat Errioxan ere jokatzen dena, eta, hori bukatu ostean, Euskal Herriko Txapelketa, orain jokatzen ari dena.
Ez da erraza izango zuen datak txapelketa ofizialen egutegia kontuan hartuz antolatzea.
Ez, zaila da, jokatu ahal izateko oso toki gutxi dugu eta, txapelketa ofizialen konpromisoek dute lehentasuna. Libre geratzen denarekin eta pilotariak libre daudenean moldatzen gara eta, erraza ez izan arren, beti lortzen dugu aurrera egitea. Aurtengoa 28. edizioa izango da eta Sanmartzialen aurretik jokatuko ditugu finalak.
“Aurtengoa 28. edizioa izango da eta Sanmartzialen aurretik jokatuko ditugu finalak”
Garrantizutsua iruditzen zaizue Sanmartzial festen programazioaren barnean trinketeak bere lekua izatea?
Bai, guretzat oso garrantzitsua da gure kirol minoritarioa eta ez da esku-pilota bezain ezaguna. Beraz, kirola zabaltzeko aukera ikaragarria da, jendea guregana gerturatzeko, behintzat harmailetara. Egia esan, urtero jende nahikoa hurbildu ohi da. Finalerdiak ekainaren 21ean izango dira eta ekainaren 28an finalak, gurpildun aulkian jokatzen dutenentzako partidu egokituak barne.
Jokalari batzuek sailkapen fasea jokatu behar dute, baina badira zuzenean sailkatutakoak ere.
Hori da. Gipuzkoako Txapelketako lehen zortzi sailkatuek zuzenean gure txapelketarako pasea lortzen dute. Gainontzeko jokalariekin ligaxka bat antolatzen dugu txapelketarako sailkatzeko, eta beraz, kanporaketa partiduak dira, finalerdiak 4 bikoteren artean jokatzera iritsi arte.
Gauzak horrela, maila handiko txapelketa izango da, ezta?
Bai, ikuskizuna ziurtatuta dago. Partiduetan maila polita ikusiko da eta oso lehiakorrak izango dira. Pilotari horietako batzuk mundialetan ibili dira, maila nagusian zein 23 urtez azpikoan, punta-puntako pilotariak ikusiko dira, beraz.
Zer nolako osasuna du trinketeak Irunen gaur egun?
Guretzat kezka kontua da hau. Orain arte talde polita izan dugu, nazioarteko txapelketetaraino iritsiz. Pilotari berriak falta zaizkigu, izan ere, ikasketak entrenamendu eta txapelketekin uztartzea ez da erraza. Modalitate honetan Euskal Herriko klub guztietan gertatzen den zerbait da. Erreleboa falta zaigu gure pilotari gazteak hazten joan direlako, 25 eta 30 urte artean dituzte jada eta atzetik haiek utzitako hutsunea betetzeko erreleborik ez dugu ikusten.
Modalitate teknikoa izanda, pazientzia handia beharko da bertan trebatzeko.
Kirol oso polita da eta asko disfrutatzen da, baina maila ertain batera iristeko asko entrenatu behar da. Hortaz, sakrifizioa eskatzen du eta agian hau adin batzuetako gazteei eskatzea zaila da. Ondorioz, beste kirol batzuek, futbolak edo esku pilotak, tiradizo handiagoa dute. Izan ere, agian 2 edo 3 urte behar dira kirol honetan maila polita lortzeko.
Baliabideek ere badute eraginik, trinketean aritzeko frontoi berezi bat behar delako, ezta?
Eragin handia dute baliabideek, bai. Izan ere, trinketean praktikatzeko frontoiak ez daude herri guztietan. Irunen pare bat dauzkagu eta besteak Iruran eta Donostian, Anoetan, daude. Gipuzkoa osoan 4 dauzkagu bakarrik. Egoera antzekoa da bai Bizkaian baita Araban ere. Ezker hormako edo frontoi modalitateko beste kirolekin alderatuta, egoera oso bestelakoa da, horrelakoak edozein herritan daudelako, nahiz eta herri oso txikiak izan. Horregatik, gazteentzat errazagoa da beste kirol batzuetan aritzea, errazagoa da beste kirolei lotzea.
“Kirol oso polita da eta asko disfrutatzen da, baina maila ertain batera iristeko asko entrenatu behar da”
Beraz, edonor animatuko zenuke trinketea probatzera.
Bai, jende guztia animatuko nuke kirol hau probatzera. Oso polita izateaz gainera, gure aldetik erraztasun guztiak emango dizkiegu nahi duten guztia ikusi eta proba dezaten. Bere garaian pilota eskola bat izan genuen bertan, baina tamalez utzi egin behar izan genuen jende nahikorik ez izateagatik. Dena den, jaietako partiduak aukera ona dira trinketea ezagutzeko.
Lehen aipatu bezala, gainera trinkete egokituko erakustaldia ere izango da, ezta?
Bai, finalaren egunean, ekainaren 28an, izango da eta finalaren aurretik jokatuko da kirol egokituko partidu hori. Partidu egokitua ikusteak merezi du, zailtasunak zailtasun, ikuskizun bihurtzen baitute beraien jokoa. Final lehiatua izan dadin, klub bakoitzeko ordezkariak finalera iristea nahiko nuke eta, hortik aurrera, onenak irabaz dezala.
Beraz, ikusleen aldetik, edozein adineko jendea erakarri nahiko zenukete.
Bai, edozein adineko jendeari luzatzen diogu deialdia. Adin guztiak onak dira trinketean hasteko. Fisikoki ez da oso exijentea, ni naiz adibide garbiena, baina badira ni baina zaharragoak direnak eta oraindik jokatzen jarraitzen dutenak. Ezker hormako beste modalitateetan guztiz kontrakoa gertatzen da eta ondorioz, asko dira guregana datozenak hori gertatzen denean jolasten jarraitu nahi dutelako.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



