Irun Zuzenean jaialdiak formatu berritua dakar CBAko eszenatoki berria estreinatzeko

2025ean Irun Zuzenean musika jaialdiak orain arte erabilitako formatua irauliko du. Aurreko zortzi ediziotan lortutako arrakasta harago eramateko, 9. Edizioak eszenatoki berria izango du: CBAko espazio berriaren barruan Irun Zuzenean izeneko aretoa. Guztira, entzute handiko 6 artista igaroko dira bertatik, bertako talentua lagun dutelarik. Gainera, San Juan plazak Aysha eta Beberen doako kontzertuak hartuko ditu urriaren 11n jaialdia agurtzeko.

Irungo Udaleko Kultura arloak jaialdia handitzeko apustua egin dute, CBAn espazio berri hau sortzeaz gainera. Bebe eta Ariel Rot izango dira edizio honetako kartelburuak, eta izen handiko beste talde batzuk izango dituzte lagun: Belako, Los Punsetes, Tulsa eta Janus Lester. Era berean, bertako taldeek ere beren tartea izango dute eszenatokian: Onavibe, Slimfit, Santalla, Isora, Bluehat eta Aysha. Horrela, kontzertu eskaintza horri esker, Irun erreferentzia izango da berriro ere lurraldeko zuzeneko musikaren esparruan.

Emanaldiak ondoz ondoko lau asteburutan izango dira, irailaren 19, 20 eta 26an eta urriaren 3, 4 eta 11n, CBAko agertoki berrian, zeinak Irun Zuzenean duen izena. Dena den, Bebe abeslariaren kontzertua San Juan plazan izango da, doan. Sarrerak astelehenetik, abuztuaren 11tik aurrera, eskuratu ahalko dira.

Irungo Udaleko jarduneko alkate eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak aurkeztu du festibalaren aurtengo edizioa, parte hartuko duten bertako taldeen ordezkariekin batera: “Irun Zuzenean Festibalak zortzi urte bete ditu dagoeneko, eta, beronen indarra ikusita, iruditu zaigu CBA berriaren inaugurazioa aprobetxatu eta zikloaren formatua aldatzeko une aproposa zela bederatzigarrena”. Kultura ordezkariak gaineratu duenez, “zuzeneko musikaren alde egiten dugu apustu, argi eta garbi, eta osatu dugun kartelak talde eta artista ezagunak eta bertako taldeak konbinatzen ditu; izan ere, bertako taldeak, dudarik gabe, osagarririk onena dira, eta hitzordu honetan beren musika ezagutarazteko aukera eman nahi diegu”.

CBAn Irun Zuzenean aretoa zabaltzeak proposamen egonkor, askotariko eta hobea egiteko aukera ematen du, eta zuzeneko musikaren aldeko apustua are nabarmenagoa izatekoa, baita urte hauetan guztietan programazioaren oinarri izan diren balioak azpimarratzekoa ere: herritarrei zuzeneko musikaz gozatzeko esperientzia eskaintzea, talde emergenteak, bertako taldeak eta musika munduko talde ospetsuak bilduta.

Datozen hilabeteetako programazioaren bidez proiektu jarraitu bat sortzeko helburua du Udalak, baita Irun Zuzenean markaren babespean publikoarentzako eta artistentzako erreferentziazko leku bat finkatzekoa ere.

“Edonola ere, ez diogu uko egiten askotariko programazio bat eskaintzen jarraitzeari, talde emergenteak eta ibilbide luzea egin dutenak konbinatzen dituena, eta bertako taldeei ere aukera emateari, bertako kultura sustatzeko. Azkenean, entzule mota gehiago erakartzea lortzen dugu, agertokien aniztasunari eta proposamen artistikoei berei esker, askotarikoak baitira”, adierazi du Alzagak.

2025eko edizioa

Kartelak Estatuko musika munduan erreferentzia diren taldeak eta bertako talentu eta taldeak bilduko ditu: rocka, pop independentea, soula, musika elektronikoa… Sei jardunaldi, zuzeneko musikaz gozatzeko, artista eta talde indartsu direla buru, eta, haiekin batera, Kultura KM0 programaren barruko taldeak, bertako taldeei ikusgaitasuna emateko.

Irailaren 19an hasiko da festibala: Euskadiko egungo talderik ezagunenetako batek, Belako laukote bizkaitar gazteak, bere postpunk eta musika elektroniko nahasketa ekarriko du, askotariko entzuleekin konektatzen duen indarraz, eta Onavibe taldeak, bere estilo urbano eta musika elektroniko nahasketa.

Hurrengo egunean, irailaren 20an, Los Punsetes arituko dira, zeinak hamazazpi urtean Estatuko pop independentearen erreferentzia bihurtu diren, Slimfit taldearekin batera, eta, irailaren 26an, Janus Lester musikari eta ekoizle beratar elegante eta emozionala, zeina egungo proposamenik aipagarrienetako bat bilakatzen ari den, eta, aurretik, Santalla.

Urrian, berriz, hilaren 3an, Tulsa etorriko da, Miren Izaren proiektu bat, lirismoa eta sentsibilitatea dituena ezaugarri nagusitzat, Isorarekin batera, eta, hilaren 4an, Ariel Rot, gaztelaniazko rockaren mito bat, oraindik zehazteko dagoen bertako talde batekin batera. Azkenik, urriaren 11n, Bebe pop abeslari ezagunak emango dio bukaera festibalari, bere estilo zuzen eta konprometitua, indar espresiboa eta mezu sozialak konbinatuta, San Juan plazan emango duen doako kontzertu batean, Aysha duela alboan, etorkizun handiko artista gaztea bera.

Irun Zuzenean aretoko kontzertuetarako sarrerak salgai izango dira, astelehenetik aurrera, abuztuak 11. Sarrerak Irungo Udalaren webgunearen bitartez eskuratu ahalko dira.

Aretoari izena emanez

Zuzeneko musikaren aldeko apustua kultura eta sorkuntza zentro berriaren ardatzetako bat da, eta, ildo horretatik, areto eszeniko berri bat izango da han, Irun Zuzenean izenekoa hain zuzen ere, hiriak auditorium moldakor bat izateko, askotariko diziplina artistikoetako proposamenak eskaintzen dituena eta nolanahiko publikoekin konektatzeko askotariko programazioa antolatzeko erabil daitekeena.

Kontzertuak, ikus-entzunezko instalazioak, dantza ikuskizunak… Aretoaren konfigurazioari esker, askotariko proposamenetara egokitu ahalko da: zutikako 385 pertsona kabituko ditu, eta, agertoki klasikoa muntatzen denean, eseritako 157, eta, besaulki mugikorren bidezko sistemari esker, agertokia erdian jarri ere egin ahalko da.

Entzunareto berria irundarrek askotariko ekimenez gozatzeko aukera ez ezik bertako taldeek zuzenean jotzeko eta beren proposamenak ezagutarazteko agertokia ere izango da.

9 urteko ibilbidea

Irun Zuzenean Festibala Irun Rock jaialditik sortu zen. Bidasoaldeko musika munduko hitzordurik aipagarrienetako bat da, eta, orain arte, oso kartel nabarmengarriak izan ditu, ibilbide luzea egin duten artista eta taldeak eta artista eta talde emergenteak elkartuta eta betiere parekidetasuna errespetatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude