Irun Zuzenean Festibalak jaialdiaren zotzigarren edizioaren balantze “ona” egin du. Jaialdiak 2.000 pertsona bildu zituen irailaren 27an eta 28an Ficoban. Hala, artista eta talde sonatuek osatu zuten kartel nagusia, hala nola Bulego, Rulo y la Contrabanda eta Nogen taldeek, eta The Iiingles, Tiburona edo Latido izan ziren talde promesak.
Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak azaldu duenez, Irun Zuzenean jaialdiaren zortzigarren edizioa balantze “positiboarekin” itxi dute, bai ikuskizunen kalitateari dagokionez, bai jende-kopuruari dagokionez. Festibal hori, gero eta lehiakorragoa den musika-panoraman, “Bidasoa aldeko indie-rock ekitaldi nagusia” bihurtu da. Alde horretatik, eta azken urteetan jaialdiek izan duten zabalkundearen aurrean, Kulturako ordezkariak honako hau gaineratu zuen: “Irungo Udalean lanean jarraituko dugu audientziaren beharren araberako jaialdia eskaintzeko, formatu eta estilo lehiakorrekin”.
Bestalde, Sergio Javier Gazteriako ordezkariak adierazi duenez, “gazteen aurrekontu parte-hartzaileen bidez, gazteak entzuten jarraituko dugu, maila oneko kartel bat osatzeko”.
Festibala, xehetasunez
Festibala irailaren 27an hasi zen, ostiralarekin, The Iiingles taldearen freskotasunarekin. Bertakoa den talde horrek rock, pop eta punk estiloko artista handien bertsio bereziak egin zituen publikoaren gozamenerako. Nøgen donostiarrak izan ziren agertoki nagusia estreinatu zutenak, eta ikus-entzuleen arreta bereganatu zuten beren errepertorio ezagunarekin eta Åben Cirkel azken diskoaren aurkezpenarekin.
Niña Polacak, bestalde, “Que adoren tus huesos” bigarren albuma ekarri zuen Irunera. Bere emanaldiak izan zuen harrera ona, gainera, “beroketa” bat izan zen, eguneko emanaldirik aipagarrienetako eta jendetsuenetako bat hartzeko, Bulego taldearen emanaldia hain zuzen. Tomas Lizarazu buru duen taldea festibaleko unerik berezienetako batzuen protagonista izan zen, mikrofonoa eskuan eta gitarrarekin batera bere bi kantu ezagunenak (“Ezer ez da berdina” eta “Bueltan da”) interpretatzeko pare bat alditan jende tartean ibili zenean. Jardunaldiari amaiera bikaina emateko, Erenerek publiko guztia dantzan jarri zuen, kantu sorta ezin bereziagoarekin eta genero ezberdinak nahastuta.
Irun Zuzenean Festibalaren bigarren egunean oraindik ere jende gehiago bildu zen, eta proposamen ezin bereziago batekin hasi zen: Tiburona emakume-hirukoteak ez zuen inor epel utzi bere riff kutsakorrekin eta bere espiritu lehergarriarekin.
Latido donostiarrek, berriz, gaztetasuna eta esperientzia eskutik joan daitezkeela erakutsi zuten. Horren erakusgarri izan zen Katapultak antolatutako emanaldia, non agerian geratu zen talde honek bilakaera handia izan duela nahiz eta hiru urteko ibilbidea baino ez duen.
Rulo y la Contrabanda taldeak, berriz, izugarrizko arrakasta izan zuen. RAUL Gutierrez abeslaria buru zutela, La cabecita loca, Herida de Rock & Roll eta Noviembre kantu ezagunek, besteak beste, bero-bero jarri zituen dena ematen ari ziren ikusleak.
Rufus T. Fireflyren soinu sofistikatuak eta energiak Ficobako 2. pabiloia ere gainditu zuen, eta, bere emanaldiaren ondoren, Victor Cabezuelo eta Julia Martin-Maestro liderrak Sexy Zebrasekin igo ziren oholtzara, “El Abismo” abesteko eta aurretik La Rivieran bakarrik eman zen une paregabe baten protagonista izateko.
Horrela amaitu zen jaialdiaren edizio berria Sexy Zebrasen emanaldi indartsuarekin, zeinak, aurreikusita zegoen bezala, aurreikuspen guztiak gainditu zituen bere power rockarekin eta rock and rolleko eta pop ultra-indartsuko himno eta melodien bilduma amaigabearekin.