4.880 erromes igaro dira aurten Irungo erromesen ostatutik uztailera bitarte

Asko dira Done Jakue bideak erakarrita Irunera beren ibilaldia hasteko iristen diren erromesak. Aurten, 4.880 izan dira otsailetik uztailera Irunen ostatu hartu duten pertsonak. Cristina Laborda Irungo alkatea Lesaka kalean dagoen aterpetxean izan da gaur goizean, Jacobi Irun-Bidasoko Done Jakue Elkarteko presidente Josin Galzacortarekin batera. Izan ere, aurten Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteen urteroko topaketa Irunen egingo da urriaren 10etik 12ra.

Irungo erromesen aterpetxea 2004an ireki zen, eta ordutik gaurdaino mundu osoko milaka pertsona pasatu dira bertatik. Aurten, 4.880 pertsonak hartu dute ostatu aterpetxean otsailetik uztailera, 2.822 gizonek eta 2.058 emakumek. Ostatu-gau gehienak udan erregistratu dira Aterpetxeak 2.257 bisitari jaso zituen ekain-uztailetan (2024an, 2.373 izan ziren).

Irun, mugan duen kokaleku estrategikoagatik, Iparraldeko Done Jakue bidearen zaindaria da. Erromesek bi bide dituzte eskura Lapurditik Irunera sartzeko: Santiagoko Bidea, Santiagoko nazioarteko zubian barrena, eta Errege Bidea, Behobia auzoan. Bi bideek bat egiten dute San Juan plazan, eta bertan lotzen dira Errege Bidearen bigarren zatiarekin.

4.880 erromes

Aurten aterpetxean izan diren erromes guztietatik, % 24,30ek 61 eta 70 urte artekoak ziren, baina badira abentura honetan lehen aldiz hasten diren gazteak ere. Aurtengo datuei erreparatuta, 20 urtetik beherako 132 mutil eta 125 neska egon dira aterpetxean. 21 eta 30 urte arteko adin-tartean, aldiz, 841 pertsona erregistratu dira. Aurreko urteetan bezala, erromes ia guztiek oinez egin dute bidea (% 96,39).

Irungo aterpetxera joan diren erromes gehienak espainiarrak dira (% 25,78). Autonomia-erkidegoei dagokienez, Katalunia, Madril eta Valentzia dira erromes horien arteko gehienen jatorria. Beste herrialde askotako erromesak ere badaude, eta kopuruaren arabera aipagarriak dira, batik bat, frantsesak (% 17,64), alemaniarrak (% 12,13) eta italiarrak (% 8,36). Edonola ere, munduko txoko ugaritatik etorritako jendea pasatu da Irundik, hala nola kanadarrak, hegokorearrak, australiarrak edo indiarrak, besteak beste.

Jacobi Irun-Bidasoko Done Jakue Elkartetik azaldu dutenez, askotariko arrazoiek bultzatuta ekiten diete erromesek bideari. Arrazoi nagusia, noski, erlijiosoa da, baina gero eta gehiago dira Done Jakue bidea egiteko beste arrazoi bat adierazten dutenak, hala nola naturaz gozatzea edo nork bere burua gainditzeko esperientzia bat osatzea. Edonola ere, arrazoia edozein izanik ere, Done Jakue bideak mundu osoko zaleak irabazten jarraitzen du.

Cristina Laborda Irungo alkateak eskerrak eman dizkio elkarteari, egiten duten lanagatik, eta azaldu duenez, «Irundik abiatzen dira urtero milaka eta milaka pertsona Santiago de Compostelarantz Iparraldeko bidetik» eta, bidaia horretan, «Irungo erromesen aterpetxea ezinbesteko gunea da, harrera eta atseden hartzeko lekua eskaintzen baitizkie erromesei». Gainera, alkateak nabarmendu duenez, «aterpetxea topagunea ere bada, eta esperientziak partekatzeko eta Done Jakue bideak hain berezko duen komunitate-espiritua indartzeko». 

Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteen urteroko topaketa

Aurten, Irunen egingo da Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteen urteroko topaketa, Jacobi Irun-Bidasoko Done Jakue Elkarteak antolatuta, Ficoba erakustazokan, urriaren 10etik 12ra.

Asteburu horretan, askotariko jarduerak antolatuko dira parte-hartzaileentzat, eta amaitzeko erromesaren pordoia entregatuko dio elkarte antolatzaileak beste bati, hurrengo urteko ekitaldira arte gorde dezaten. Ekitaldi horrek erromesaren oinarrizko balioak islatzen ditu, eta ibiltzeko unean hezurmamitzen da. Topaketan Done Jakue bidearekin lotutako Espainia osoko 150 lagun inguru bilduko direla espero da.

Urriaren 10ean, ostiralean Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteen urteroko topaketaren hasiera-ekitaldia.18:00etan izango da, eta ondoren Abenida zubia bisitatuko dute parte-hartzaileek.

Urriaren 11n, larunbatean, Hondarribiko Alde Zaharra bisitatuko da 10:00etan, eta ondoren anaitasunezko bazkaria sagardotegi ezagun batean.

Urriarem 12an, igandean, Oiasso museoko eta terma erromatarretako bisita gidatua 10:00etan. Jarraian, parrokia bisitatuko da, 11:30etan, eta ondoren meza nagusia Junkaleko elizan Ametsa abesbatzaren parte-hartzearekin. Azkenik, pordoia emateko ekitaldia, topaketari amaiera emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude