Onavibe Arturo Jiménezek, Vanessa Martínek, Borja Alberdik eta Francisco Javier Aizpuruak osatutako eskualdeko musika taldea da. Beren ibilbidea orain dela 3 urte hasi zen eta pop, rock eta soul estiloko musika eginez ulertzen dute elkar. 2025eko Sanmartzialetako hasierako taldeetako bat izan ziren. Irailaren 5ean Hondarribiko jaietan jotzeaz gainera, irailaren 19an, CBAko Irun Zuzenean areto berria beren musikarekin estreinatzeko prestatzen ari dira.
Ezagutzen ez zaituztenentzat, nola deskribatuko zenukete zuen musika estiloa?
Vanessa: Gu Arturo, gitarrista, Borja, bateria jotzailea, eta, ni neu, Vanessa, abeslaria gara, eta elkarrizketan baxujolea falta zaigu, Francisco Javier. Onavibe musika talde bat da eta pop, rock eta soul musika estiloen nahasketatik sortzen da.
Zergatik erabaki zenuten elkarrekin musika talde bat sortu nahi zenutela?
Vanessa: Guk 3 urte daramatzagu elkarrekin musika egiten. Dena den, gure ibilbideko lehen urtean jada sortutako abestien bertsioak egiten genituen soilik. Beraz, oraindik ez ginen gaur egun garen Onavibe taldea, ez genuelako gaur egun egiten duguna egiten. Orain dela 2 urte gure abesti propioak sortzen hasi ginen. Talde hau sortu izanaren helburua naturaltasunez gure ikasketa prozesua eta bilakaera publikoarekin partekatzea izan da.
Zer esanahi du Onavibe izenak?
Vanessa: Taldeko lehen krisi handia izan zen hori, izena aukeratzea kosta egin zitzaigulako. Azkenean, Onavibe aukeratu genuen, hitz joko bat dena: euskarazko “ona” hitza eta ingelesezko “vibe”, dardara, eta hortik Onavibe, dardara onak. Horrela, izenaren bidez egoera on batean egotearen sentsazioa iradoki nahi izan dugu.
Musikari bezala, bakarka zein taldeka, zeintzuk dira zuen erreferenteak?
Vanessa: Taldean, adibidez, Al Green edo Morgan taldeak izan dira gure erreferenteak, batez ere, gure azken diskoa sortzerakoan. Pertsonalki, aldiz, gustu ezberdinak dauzkagu. Niri adibidez, asko gustatzen zait soul estiloa eta Amy Winehouse eta antzeko artistak miresten ditut.
Arturo: Sarria edo Ezezez taldeak orain zuzenean oso kontzertu onak egiten ari dira. Zuzenean ikusi izan ditut eta erreferentzia onak dira niretzat.
Borja: Nire kasuan, Kings of Leon edo Toc taldeak asko gustatzen zaizkit erreferentzia bezala izateko. Musika gustu ezberdinak izan arren, elkarren arteko kohesioa ere badugula esango nuke.
“Guk musika asko estimatzen dugu eta eskertzen dugu hirian horrelako aretoak izatea”
Arturo Jiménez, Onavibe taldeko gitarrista
Musika talde baten atzetik, eszenatoki ginean ikusten ez den lan asko dago.
Borja: Normalean astean bitan entseguak egiten ditugu eta egun horiek baliatzen ditugu bai gure kantak lantzeko eta baita kantu berriak sortzeko ere. Beraz, egia da talde baten atzetik sekulako lana dagoela: kudeaketa, zabalpena eta kontzertuen bilaketa egin behar dira. Orain arte lan horiek guztiak lauron artean egiten eta banatzen saiatu gara. Hala ere, ez da erraza.
Aurten “Mío” izeneko diskoa kaleratu duzue. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Borja: Diskoa urte hasieran grabatu genuen eta bertan urte hauetan guztietan zehar sortu ditugun abestiak bildu ditugu. Rock, soul eta pop estiloak nahasten dira bertan eta oso gustura geratu gara lanaren emaitzarekin. Dagoeneko diskoa formatu fisikoan dugu eta diskoaren bertsio digitala argitaratuko dugu.
“Diskoa urte hasieran grabatu genuen eta disko honetan urte hauetan guztietan zehar sortu ditugun abestiak bildu ditugu”
Borja Alberdi, Onavibe taldeko bateria-jolea
Gainera, aurtengo Sanmartzialetan kontzertuen hasierako taldeetako bat izan zarete. Aukera polita, ezta?
Arturo: Sekulako aukera izan zen guretzat eta ahal izan genuen bezain beste aprobetxatu eta gozatu genuen esperientziaz. Gu bertako talde bat gara, hain zuzen ere, Borja Hondarribikoa da eta gainontzekoak Irungoak gara. Etxean jotzea, gure lagun eta familien aurrean, aukera ikaragarria izan zen guretzat. Gainera, izugarrizko eszenatokian teknikari onekin jotzeko aukera izan genuen eta horrela lan egin ahal izatea asko eskertzen da. Süne eta Zirkinik Bez taldeen aurretik aritu ginen gu eta horrek ilusio handia egin zigun.
Irailean berriz, CBAko Irun Zuzenean areto berria estreinatuko duzue izen bereko jaialdiaren barnean. Gogotsu zaudete?
Arturo: Irailaren 19an, ostiralean, bertan joko dugu, Belakoren aurretik. CBAko areto berri honetan kontzertu bat egiten den lehen aldia izango da eta bertan gaua irekitzen arituko gara. Etxean berriro jo ahal izateko gogo itzela daukagu. Gainera, areto on batean izango da, teknikariekin, eta beraz, asko eskertzen dugu horrelako kontzertu bat emateko aukera izatea.
Zuek bezalako taldeentzat hirian horrelako espazio berriak sortzea berri ona izango da, ezta?
Arturo: Guk musika asko estimatzen dugu eta eskertzen dugu hirian horrelako aretoak izatea. Guk Psylon entseatzen dugu, bertan dagoen areto batean, eta taldeak bertan ikustea eta entzutea asko eskertzen da. Beraz, Irunen horrelako espazioa izatea garrantzitsua da, ez soilik guk jo ahal izateko, guk ere beste taldeak etxean entzun ahal izateko baizik. Guri estilo ezberdinetako kontzertuak ikustea gustatzen zaigu eta hori areto egoki batean izan badaiteke, are hobeto.
Irailetik aurrera zeintzuk dira zuen planak?
Vanessa: Irailetik aurrera eskuragarri egongo da gure diskoaren bertsio digitala. Oraingoz ez dugu beste kontzerturik hitzarturik, baina jada datorren urteko agenda antolatzen hasi gara, eta beraz, bulego lana egiteko aprobetxatuko dugu.
Zein izan da orain arte emandako kontzerturik bereziena eta zergatik?
Vanessa: Niretzat Sanmartzialetako kontzertua oso berezia izan zen, gure lagun eta familiekin partekatzeko aukera izan genuelako. Oso eskertuak gaude aukera horrengatik, gainera ekipo izugarria izan genuen alboan.
Arturo: Niretzat, berriz, gure lehenengo kontzertua. 2 orduko saioa prestatzea eskatu ziguten eta gainera nik emandako lehen kontzertua izan zen. Asko prestatu behar izan genuen, baina hori egiteko gai garela ikusteko balio izan zidan. Bikain atera ez bazen ere, ondo atera zen.
Borja: Niri Irungo kontzertua asko gustatu zitzaidan, jaiak zirenez, jende askok bertan egoteko aukera izan zuelako. Kontzertu guztiak ezberdinak dira eta guztietan zerbait ikasi dugu. Irailaren 5ean Hondarribian, nire herrian, joko dugu eta niretzat oso berezia izango da etxean jo ahal izatea.
“Niretzat Sanmartzialetako kontzertua oso berezia izan zen, gure lagun eta familiekin partekatzeko aukera izan genuelako”
Vanessa Martín, Onavibe taldeko abeslaria
Eta etorkizunera begira, zeintzuk dira musikaren munduan dituzuen ametsak?
Borja: Talde bezala gure helburua da gauden bezala mantentzea eta musika egiten jarraitzea, beti ere, prozesuaz disfrutatuz. Hau da, orain arte bezala, kontzertuak emanez eta gure musika jendearekin partekatuz.
Arturo: Talde bat izatea eta taldekideen artean harreman ona izatea ez da erraza. Beraz, gure ametsa ez da leku jakinen batean jotzea, baizik elkarrekin jarraitzea eta gustura aritzea.
Vanessa: Jendeak ikusten ez duen lan asko egin behar dugu horretarako eta egiten ez dakizkigun gauzak ikasten ari gara elkarrekin.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusi dezakezue.



