Zabalik dago Lapurriturriko informazio puntuan egingo den “Zuhaitza, gure laguna” izeneko jardueran izena emateko epea. Ekintza irailaren 13an, larunbatean egingo da. Hitzordua 11:00etan hasiko da eta Lapurriturriko Informazio-puntutik bertatik abiatuko da. Bertaratzen diren pertsona guztiek Lapurriturri inguruan aurki daitezkeen zuhaitzak ezagutuko dituzte oinezko ibilbide baten bidez.
Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak sustatutako Aiako Harriko Parke Naturalean dagoen Lapurriturriko Informazio-puntuaren udako eskaintzaren barneko jarduera da. Bidean zehar, bertako zuhaitzak identifikatzeko jarraibideak emango dira, hauen berezitasunak azalduz: enborrak ematen digun informazioa, sendabelarrak, elezaharrak, etab.
Jarduera herritar guztiei zuzenduta dago eta, bereziki, 8 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak dituzten familientzat. Izen-ematea derrigorrezkoa da eta ekainaren 26tik uztailaren 7ra bitartean egin ahal izango da 010 telefonora deituz edo www.irun.org webgunearen bidez. Lapurriturriko Informazio-puntutik mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen dute.
Urriaren 31ra arte zabalik
Lapurriturriko Informazio-puntuak asteburu, jaiegun eta zubi guztietan irekiko ditu ateak ekainaren 1etik urriaren 31ra, 09:30etatik 13:30etara. Udan zehar jarduera tematikoak eskainiko dira, inguruko balio historiko, kultural eta naturalak ezagutzeko helburuarekin.
Nabarmentzekoa da oraindik beste jarduera bat aurreikusita dagoela urriaren 11an “Mikologia ezagutuz” izenarekin. Gainera, aurten, berrikuntza bezala, iraila edo urrian naturaren baliori buruzko jarduera bat egingo da Osinbiribileko eremu naturalean. Aukera paregabea izango da inguruko hegaztiak ezagutzeko.
Lapurriturriko Informazio-puntua
Lapurriturriko Informazio-puntuak hamabost urte baino gehiago daramatza parkearen berri ematen bisitari guztiei, eta, horretarako, hainbat jarduera egiten dira denboraldi osoan zehar. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak antolatzeaz gain, bisitariei informazioa ere ematen diete informazio-puntuan bertan, paperean eta baita gidari batek parke naturalari buruzko azalpenak emanez ere, dela bost ibilbide tematikoen inguruan (elurzuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak, eta flora, fauna eta ura) dela inguruko eskaintza turistikoaren inguruan.



