‘Zinema haur eta gazteentzat’ ekimenak euskarazko filmak pantaila handira eramango ditu

Ocine Mendibilek ‘Zinema haur eta gazteentzat‘ egitasmoaren aurkezpena hartu du gaur goizean. Urriaren 18tik azaroaren 23a arte luzatuko da  egitasmoa eta helburua haur eta gazteen artean euskarazko kultur kontsumoa indartzea izango da. Hurrengo bi hilabeteetako bost asteburuetan 10 pelikula proiektatuko dira Ocine Mendibil zine aretoan.

Josu Iguiñiz Euskara Zerbitzuko ordezkariak azaldu duenez, “zinema euskaraz ikus ahal izatea normala izan beharko litzateke, baina zoritxarrez ez da horrela. Euskara ordezkariak euskarari aukera ematea proposatzen du, ohitura berriak hartzeko eta haur eta gazteak zinema euskaraz ikustera animatzeko. Egitasmo honek eta aste honetan aurkeztutako Euskararen Nazioarteko Egunaren programa zabalak bultzada eta beharreko lekua ematen diote euskarari”, gogoratu du Josu Iguiñizek.

10 pelikula euskaraz

10 pelikula saioak euskara hutsean izango dira, beti 16:00etan hasita larunbat eta igandeetan, Ocine Mendibil zine aretoan. Hainbat generotako filmak ikusteko aukera egongo da: misterio, akzio, fikzio, umorezkoak, abenturazkoak… Film gehienak haurrei zuzendutakoak dira, baina era berean familiei bideratuta daude; hau da, publiko orokorrari zuzenduta.

Jarraian proiekzioen egutegia azaltzen da:

  • Urriak 18: ‘Superklaus’.
  • Urriak 19: ‘Turuleka oiloa’.
  • Urriak 25: ‘Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute’.
  • Urriak 26: ‘Kaixo, Frida!’.
  • Azaroak 8:’ Yuku eta Himalaiako lorea’.
  • Azaroak 9: ‘Klara eta hazi magikoen misterioa’.
  • Azaroak 15: ‘Basatiak’.
  • Azaroak 16: ‘Super Elfkinak’.
  • Azaroak 22: ‘Patrick’.
  • Azaroak 23: ‘Heidi. Katamotzaren erreskatea’.

Sarrerak

Gazteek sarrerak doan eskuratu ahalko dituzte Irungo Udaleko webgunean eta helduek haurrekin joan nahi badute, gonbidapen bana hartu beharko dute. Film bakoitzerako sarrerak eskuragarri egongo dira proiekzio astean asteleheneko 14:00etatik ostiraleko 14:00ak arte. Sarrerarik geratzen bada, Ocine Mendibileko txarteldegian hartzeko aukera egongo da filma hasi baino 30 minutu lehenago.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, pertsona eta film bakoitzeko gehienez lau sarrera hartu ahalko direla, bai web orrian, bai txarteldegian; hortaz, sarrera eskatzerako orduan zentzuz eta arduraz jokatzea eskatzen da, behar direnak soilik hartuz. Are gehiago, sarrerak izan eta zinemara ez joatea erabakitzen dutenei euskara@irun.org helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute beste batzuek aprobetxatu ditzaten.

Helduentzako filmak

Euskara arloak helduentzako euskarazko filmak eskaintzeko lanetan dago. Pasa den astean ‘Maspalomas’ filma euskarazko bertsioan ikusgai egon zen Ocine Mendibilen eta abenduaren 14ean ‘Karmele’ lana euskaraz eta dohainik ikusteko aukera egongo da. Euskararen Nazioarteko Egunaren programaren barruko ekintza da hau. Bi filma horiek Donostiako Zinemaldian egon dira eta kritika oso onak jaso dituzte, baita sariak ere. Beraz, Irunek kalitate handiko filmak izan ditu eta izango ditu euskara hutsean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude