Datorren astelehenean, hilak 20, Irungo Musika eta Dantza Eskola eta Kontserbatorioak jardueraz betetako programazio bati ekingo dio, larunbatera bitartean.
«Kontserbatorioak eta Musika eta Dantza Eskolak eskainitako jarduera horiek publiko guztientzako plan ederra dira datorren asterako. Irunen dugun erreferentziazko ikastetxe honetara hurbiltzeko modu paregabea izango da, musikaren arloko prestakuntzan eta ikaskuntzan egiten duten lan bikaina ezagutzeko. Hortaz, herritar guztiei etortzeko gonbita luzatzen diegu, eta planteatutako ekitaldietan parte hartzeko» nabarmendu du Santi Jiménez ordezkariak.
“Per tutti” izenburupean, adin guztietako jendearentzako hainbat jarduerak osatuko dute programazioa: eskola irekiek, tailerrek, kontzertuek, saioek… 4 urtetik 80 urtera bitarteko ikasleek hartuko dute parte, eta Irungo Musika eta Dantza Eskola eta Kontserbatorioaren egoitzan izango dira jarduera guztiak, Mendibil parkean.
Sarrera doakoa izango da, eta interesdunak aretoa bete arte sartu ahalko dira.
Doako eskola
Era berean, maiatzeko lehenengo hamabostaldian, Irungo Musika eta Dantza Eskola eta Kontserbatorioak doako eskola bat emango die musikaren irakaskuntza deskubritu nahi duten 4 urtetik gorako guztiei, teorikoa zein instrumentala. Parte hartu nahi dutenek eskatu besterik ez dute egin behar, apirilaren 30a baino lehen 943505710 telefono zenbakira deituta.
Erantsita doa programazio osoa.