Antonio Mateoren obra Amaia KZn ikusgai egongo da bihartik aurrera eta azaroaren 16ra arte

Urriaren 17an, ostiraleran, Antonio Mateo artistaren obraren erakusketa inauguratuko da, Amaia KZko erakustaretoan, Luis Lainsaren komisariotzapean. Erakusketa azaroaren 16ra arte egongo da ikusgai. Mateo errealismoaren eta inpresionismoaren artean ibili zen, eta marrazteko trebetasun apartekoa zuen. Erakustaretoa asteartetik  larunbatera 18:00etatik 21:00etara, eta, igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era zabalik egondo da.

Erakusketa, ostiral honetan, hilak 17, 19:00etan inauguratuko da. Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak aurkezpen ekitaldian parte hartu du, Luis Lainsa komisarioarekin eta Marina Mateorekin artistaren alaba batekin ere. Alzagak adierazi duenez, “betidanik esan izan dugu Kultura Zerbitzuaren helburua Irun inguruko espresio artistiko guztiak sustatzea dela, Antonio Mateoren obra barne nola ez”. Kultura ordezkariak azaldu du, hiriak eta arteak oso harreman estua izan dutela betidanik, eta erakusketak bi horiek bateratzen ditu. “Antoniok islatutako paisaiez gozatzea zinezko esperientzia izango da, eta bizitzeko irrikan nago”, gaineratu du Nuria Alzagak.

Lanean, portzelana gaineko maisu dekoratzaile artistiko jardun zen Mateo (1927-2012), eta, hortaz, loreontzi eta plateren gainean ere lan egin zuen. Paisaia da haren koadroetako gai nagusia, marinak zein mendiak. Irun ingurua eta bertako baserriak zituen gustukoen, baita Nafarroako Bidasoko herriak eta Gipuzkoako eta Santanderreko Kantauriko kostaldeko eta Europako mendietako beste paisaia batzuk ere.

Aurreko erakusketen esparruan bezala, erakusketa honi buruzko katalogo bat argitaratu da, 3 euroan egongo dena salgai.

Bisita gidatuak

Urriaren 31n, ostiralarekin, eta azaroaren 16an, igandearekin, 12:00etan, bisita gidatuak eskainiko dira, María José Noain Mauraren eskutik. Parte hartzeko, interesdunek izena eman behar dute, Udalaren webgunean.

Antonio Mateo Real

Madrilgo Arte eta Ofizio Eskolan trebatu zen, baina irundartzat har dezakegu, 21 urterekin Porcelanas Bidasoan dekoratzaile artistiko lanetan aritzera etorri zen eta.

Hainbat sari jaso zituen pintura sariketetan; besteak beste, Elías Salaverria Memorialeko lehen saria, 1973an, eta Madrilgo Udazkeneko XXXIV. Erakusketako hirugarren domina, 1963an. Bestalde, bakarkako 36 erakusketa egin zituen, Bilbon, Gasteizen, Donostian, Zaragozan, Santanderren, Huescan eta beste hiri batzuetan, eta taldekako 21etan parte hartu zuen, hainbat hiriburutan.

Luis Lainsa

Irunen jaio zen, 1939an, eta, 1960ko hamarkadan, Irun Zinekluba fundatu zuten bazkideetako bat izan zen. Arte ederrak, pintura, eskultura eta fotografia maite ditu, besteak beste, eta Arte Fotografikoaren Nazioarteko Federazioko artista titulua du.  Bakarkako 40 argazki erakusketa baino gehiago egin ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude