Irun eta Endarlatsa arteko N-121-A errepidea erabat moztuta egongo da datorren igandetik, azaroak 22, ostiralera arte, azaroak 27. Zehazki, itxiera igande gaueko 22:00etan hasiko da eta ostiral arratsaldeko 20:00ak arte mantenduko da. Neurri hau Irungo udalerrian, 71,235 eta 74,030 kilometro-puntuen artean, egiten ari diren bidezorua birgaitzeko obren azken fasearen ondorio da. Aurreko asteetan zorua berritzeko lanak egin ostean, orain azken egitekoak geratzen dira obrak amaitzeko: zubien junturak birgaitzea eta seinale bertikalak instalatzea.
Lanak behar bezala gauzatu ahal izateko, N-121-A errepidearen egungo ibilbidearen eta lehengo trazaduraren lotuneen arteko tartea erabat itxiko da, 69,735 eta 73,537 kilometro-puntuen artean. Obrak irauten duten bitartean, trafiko guztia lehengo trazaduratik desbideratuko da, hau da, egungo GI-3455 errepidetik. Era berean, Iruñea eta Irun arteko ibilbidea egin behar duten ibilgailu astunei A-15 autobidea erabiltzeko gomendioa luzatu zaie lanek irauten duten bitartean.



