Klaudio: Baztertua izatetik inperioa gobernatzera

Egungo gizarteak Erromatar zibilizaziotik asko jaso du, hala nola, legeak eta justizia, hirigintza eta bizi espazioaren antolakuntza, administrazioa… Baita erromatar gizartearen baloreak, adibidez, familiaren garrantzia, gizarte antolaketa, harremanetarako topaguneak ereitea… besteak beste. Zorionez balio humanistagoak eta inklusiboagoak garatu ditugu, gizakien eta bereziki emakumeen eskubideen inguruan, eta aldaketa sakonak gertatu dira bai gizakiaren ikuspegiari dagokionez, baita zaintzaren alorrean ere.

Erromatar garaian gizon libre baten balioa bere maila sozialak baldintzatzen zuen; emakumeak edota esklabuak nagusiaren menpe zeuden, alegia, bigarren mailakoak ziren. Gaur egun gure gizartean legez denok eskubide berberak ditugu eta ez dago esklabotzarik, ez dago onartua, nahiz eta gero errealitatean hainbat kasutan hori ez bete. Dena dela, badira gizartean balore batzuk unibertsalak eta garai guztietan agertzen direnak eta gehienak etxe barruan gertatzen direnak, esate baterako haurrekiko maitasuna edota nagusien zaintza. Erromatarren garaian adineko pertsonei errespetua zor zitzaien eta jakituriaren isla ziren, baina seguruenik hori goi mailako klaseetan gertatuko zen, edo zaintza hori gauzatu zezaketen familietan. Oiassoko etxe arrunt bateko leihotik barrura begiratuko bagenu, etxeko seme-alaba eta kide guztientzat jateko askorik ez zegoela ikusiko genuke, eta ezinduta zeuden aiton-amonen zaintza etxekoandrearen ardura izango zela, beste lan guztiez gain. Etxekoandre hori, gainera, berriz ere haurdun geratuz gero, familiako egoera oso larria bazen, belarrei esker, abortua egiten saiatuko zen, edota haurra jaioko balitz columna lactaria-n utzi beharko zuten.Egoera ekonomikoa ez zen haur jaioberriak zutabe horretan uzteko arrazoi bakarra. Esate baterako haur ilegitimoa bazen, edota emakumea bortxatua izan ondoren etorritako haurra bazen, askok han amaitzen zuten. Gehienak gainera neskak izaten ziren. Bazen beste arrazoi bat ere: malformazioak.

Gehienetan zutabe hori foro edo merkatuen inguruan egon ohi zen, eta han uzten ziren haur exposito haiek -hitza berez latinetik dator expositio hitzetik, eta haurra gizartearen begien aurrean uztea zen bere esanahia- haurrik eduki ezin zuen familia batek hartuko ote zuenaren esperantzan. Moises bera, saski batean abandonatua izan zen. Gehienetan, ordea, haur haiek esklabuak izateko hartzen ziren, edo prostituziorako, edota inork hartzen ez bazituen gosez edo hotzez, edo kasurik gogorrenean animaliek janda amaitzen zuten. Gure gaurko ikuspegitik krudelkeria bortitza eta sinestezina da eta baliteke garai hartako guraso askorentzat ere halaxe izatea. Zer pentsatua ematen du gure gizartean normaltzat edota ezinbestekotzat hartzen ditugun hainbat jarrera, etorkizunean zorionez ezabatuko direla jakiteak. Izan ere, balore baikor unibertsal horiek gizakiok oso barneratuta ditugu, eta argi ikus daiteke Palestinako genozidioaren aurkako borrokan, etorkinei emandako laguntza isilean edo bolondres lan amaigabea egiten dutenengan. Gizarte hobeago bat eraikitzearen alde lan egiten duten guzti-guztiak, gizartearengandik pauso bat aurrerago mugitzen direnak.

Erromatar munduan asko sufritzetik agintari bikaina izatera iritsitakoen hainbat adibide topa ditzakegu: Klaudio enperadorea, adibidez, Tiberius Claudius Caesar Augustus Germanicus, K.a. 10 – K.o. 54. urte artean bizi izan zena. Enperadoreak ezgaitasun fisikoa izan arren familiak aurrera atera zuen, gizajoak, txikitatik bere amaren isekak jasan arren: “Nire seme Klaudio baino ergelagoa zara” zen amaren esaldi ohikoena. Klaudiok, ibilera traketsa zuen, hanketako ahuleziagatik, baita dardarizoa ere, eta hitz-totela zen. Politikatik baztertu zuten horregatik. Senekak berak ere, iseka eta barre egiten zion. Klaudiok, ordea, ikasten jarraitu zuen, bereziki historia.

Kaligula, iloba, bere goardia pretoriarrak hil zuenean, Klaudio gortina baten atzean topatu zuten, dardarka. Bera zen familian bizirik geratzen zen gizon bakarra eta enperadore izan zitekeena. Goardiakoek erdi txantxa gisa eta eurek manejatuko zutelakoan, enperadore izendatu zuten. Eta inork uste ez bazuen ere, Klaudio erromako enperadorerik bizkorrenetakoa bilakatu zen. Inperioa zabaldu, Britania konkistatu eta lege kontuetan ekarpenak egin zituen. Politikari trebearen bizitzak liburu, antzezlan, film eta serie asko sorrarazi ditu, haien artean aipatzekoa 1976. urtean Robert Gravesen nobelan oinarrituta, BBCk egin zuen I, Claudius ikusgarria.

Ikusgarria izan den bezala aurten Oiasso Museoan aniztasunaren erakusgarri diren artistek eskaini diguten Aniztasunaren Gala. Zorionak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude