Irungo udalak arau-hausteen edo legez kanpoko jardueren berri izateko barne-sistema abiatu du

Diseño sin título – 1

Irungo Udalak barne-sistema bat abiatu du herritarren partetik arau-hausteei edo legez kanpoko jarduera edo jarrerei buruzko informazioa jaso ahal izateko. Sistema berri hau udalarekin harreman laborala edo profesionala duten pertsonen esku egongo da. Beraz, harremana zuzenekoa izan ahalko da edo beste erakunde baten bidezkoa.

Informazio- eta jakinarazpen-sistema hori Arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzko otsailaren 20ko 2/2023 Legean xedatutakoari jarraituz ezarri da. Hala, Irungo Udalak konpromiso irmoa du gardentasunarekiko eta kudeaketaren modernizazioarekiko, interes orokorrarentzako mehatxuak aurreikusteko eta detektatzeko tresnak indartuz.

Konfidentziala eta segurua

Informazio-sistemak independentzia, konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzen ditu bai informazioa ematen duten pertsonentzat bai jakinarazpenen eraginpean dauden pertsonentzat. Horrekin batera, inolako errepresaliarik egongo ez dela bermatzen du. Ildo horretan, kanalak jakinarazpenak idatziz edo ahoz egitea ahalbidetzen du, bai eta modu anonimoan ere, eta bermatzen du jakinarazpena azkar kudeatuko dela eta sistemaren organo arduradun batek tratatuko duela. Organo hori kide anitzekoa izango da, jakinarazten den informazioa erabat konfidentziala eta segurua izan dadin.

Pertsonen Arloko ordezkariak, Sergio Javier-ek, honako hau azaldu du: “Komunikazio-kanal berri honen bidez, hiritarrekiko lankidetza indartu egin dugu, edozein iruzur-kasu prebenitzeko eta detektatzeko. Izan ere, baliteke halako kasuak ez salatzea, errepresaliak jasateko beldur izateagatik. Sistema honen bitartez, alabaina, bermatzen dugu salatzailea gai izango dela edozein arau-hauste jakinarazteko, inolako arazorik gabe, ondoren Udalak izapidetzeko edo Fiskaltzari edo dagokion erakundeari jakinarazteko.”

Informazio faltsurik ez

Horrekin batera, Sergio Javierrek hau adierazi du: “Udal honetatik, hiritarrei eskatzen diegu arduratsuak eta zintzoak izan daitezen, informazio faltsua igortzea edo publikoki argitaratzea arau-hauste oso astuna baita, eta 300.000 euroko isunekin zigor baitaiteke”.

Bestalde, Jon Ugarte Herritarren Parte Hartzeko ordezkariak honako hau nabarmendu du: “Hiritarren eskura jarri dugun tresna hau zuzeneko komunikazio-kanala da Udalarekin, eta interes orokorrarekiko eta jardunbide egokiekiko dugun konpromisoa indartzen du. Sistemari esker, edonor jar daiteke harremanetan Udalarekin modu seguru eta konfidentzialean, eta administrazio gardenago eta gertuagoa edukitzea errazten du”. Salatzen duen pertsonak une oro jakin ahalko du salaketaren egoera, bai eta ebazpena eman baino lehen egiten diren ikerketen aurrerapena ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude