
Izenak kontrakoa dioen arren, Los Trankilos taldeak ez daki geldirik egoten. Koadrila baten lagunartetik sortua, Inauteriak modu berezian bizitzea dute helburu: hilabeteetako prestaketa lanen ondoren, karroza, mozorroak eta umorez betetako parodiak eramaten dituzte Irungo kaleetara. Egun 25 edo 30 lagun inguruk osatzen dute taldea, baina Aitor Arzuaga eta Asier Arbalitz izan dira oraingoan egitasmoa aurkezteko bozeramaileak.
Nolatan hasi zineten Los Trankilos izenpean ekintzak antolatzen?
Aitor: Gu koadrilan antolatzen ginen Inauterietan. 1969. urtean sortu zen elkarte hau, Los Trankilos. Gero, elkartea berez desagertua zegoen, eraikina bota zutela medio eta beste kontu batzuengatik. Ordutik, ordea, elkartearen enteak edo muinak bizirik jarraitu du eta urtean bi ekitaldi ditu fanfarreak: San Pedro egunean eta Erregeen egunean egindakoak. Guk koadrilan atera nahi genuen eta baimenak eskatzea beharrezkoa zenez, bi gauzak elkartu eta pixkanaka, Inauteriez gain, gauza gehiagotan ere hasi gara parte hartzen. Gu koadrilan ateratzen gara, bazkaria egiten dugu eta gero katxondeoan ibiltzen gara.
Beraz, Irunen Inauteriak bizitzeko proposamen berri batekin sortu zaretela esan daiteke.
Asier: Bai, hori da. Ohikoena izaten da koadrilan mozorro bat erabakitzea. Egia da guri festa orokorrean asko gustatzen zaigula eta, batez ere, Inauteriak, festa polita baita, euskal kulturan oso sustraitua. Lagunen artean ospatzeaz gain, karroza egin eta parodia bat sortzea bururatu zitzaigun desfilean parte hartzeko, egun osoko entretenimendua izateko. Gainera, ez da egun bakarreko kontua; aurretik hilabeteetako prestaketa dago.
Aitor: Bazkari eder bat egiten dugu, behar den moduan.
“Inauteriek puntu ironikoa dutela ulertzen dugu”
Aitor Arzuaga, Los Trankiloseko kidea
Nola banatzen edo antolatzen dituzue prestaketa lanak Inauterietara garaiz iristeko?
Aitor: Protokolo oso zehatza dago horretarako. San Tomas eguneko bazkarian erabakitzen dugu normalean. Aurten beranduago izan da, txosnan lanpetuak egon garelako. Koadrilan ideiak bota eta erabakia hartu ostean, gutako norbaiten baserrian elkartzen gara gauzak prestatzeko eta horretan laguntzeko boluntario bat baino gehiago izaten dugu beti. Lanak banatu egiten ditugu, noski, batzuk mozorroez arduratzen dira, besteak berriz karrozaz, parodiaz edo bazkaria prestatzeaz. Esan daiteke, guk 2 hilabete pasatzen ditugula Inauterietan eta beste bi Sanmartzialetan.
Asier: Askotan lanegunetan elkartzen gara afariak egin eta ideiak adosteko. Adibidez, aurreko ostegunean horrela hasi ginen, ideiak bilatzen, eta azkenean sagardotegian bukatu genuen, baina egia da horrela ideia asko ateratzen zaizkigula.
Hainbeste kide izanda, erraza da erabakietan adostasuna lortzea?
Aitor: Esan daiteke jada eredu bat sortu dugula. Beti gairen batekin sartzen gara, askotan gure buruarekin. Denak koadrila berekoak izan ez arren, inguru berean mugitzen garen jendea gara. Horrela, Inauteriek puntu ironikoa dutela ulertzen dugu. Aurten, adibidez, ideia bat baino gehiago genuen eta denen artean bozkatuz aukeratu dugu gehien gustatu zaiguna.
Asier: Ideia batzuk ez dira hasieratik denontzat gustukoak, baina gero denborarekin grazia harrapatzen zaie. Denon artean kontsentsu batera iristen saiatzen gara. Mozorrotzeaz gain, dibertsio une hori aprobetxatzen saiatzen gara, ahal dela, eskualdearekin nolabait lotuz.
Los Trankilos izena erabili arren, lasaitasuna ez da zuen ezaugarrietako bat, festa musikarekin ere girotzen baituzue.
Aitor: Elkartearen helburuetako bat hori dela esan dezakegu: herria girotzea. Juerga ona bota arren, giro osasuntsua izan dadin ahalegintzen gara.
Asier: Desfilean zehar gure parodia egiten dugu. Behin amaituta, musika jartzeaz ere arduratzen gara, baina hori noiz eta non egingo dugun iragartzeko azken unera arte itxaroten dugu. Gauaren martxa hartu eta kalez kale ibiltzen gara Inauteri gaua alaitzen, poteoan.
Aurreko urteen antzera, aurtengo gaia ere azken momentura arte gordeko duzue sekretupean?
Asier: Hasieratik jendea galdezka dabil etengabe, ia-ia guk ere oraindik aurtengo erabakia hartu gabe genuenean ere. Sekretu hori Inauterien xarmaren parte ere badela uste dugu.
“Horrek ere guri presioa eragiten digu urtetik urtera mailari eusteko, baina nik uste batetik edo bestetik lortuko dugula”
Asier Arbelaitz, Los Trankiloseko kidea
Ardura eta festa uztartzea erraza zaizuela esango zenuke?
Asier: Sentitzen duguna natural egiten saiatzen gara, euskarazko kantu batek dioen moduan. Noski, egiten duguna arduraz egiten saiatzen gara beti. Giroa jartzea da gure helburu nagusia eta jendeak erantzuten du, beraz, badirudi lortzen dugula. Jendeak gogotsu erantzuten duen bitartean, guk ere gogoz jarraituko dugu lanean.
Aitor: Behin jaia amaituta askotariko balorazioak jasotzen ditugu, baina orokorrean denak positiboak. Aurreko urtean arrakasta erabatekoa izan zen, aurten ikusiko dugu zer gertatzen den.
Asier: Aurreko urtekoak goia jo zuen, Youtuben bideoak eta guzti daude. Noski, horrek ere guri presioa eragiten digu urtetik urtera mailari eusteko, baina nik uste batetik edo bestetik lortuko dugula.

Inauteriez gain bestelako ekitaldietan ere hasi zarete parte hartzen: San Tomas, “Mi Dulce Guerrero” elkatearen ekimen solidarioak, Sagardo Eguna… saltsa askotan zabiltzate.
Asier: Badakigu ezin garela ekintza guztietara iritsi, baina egutegian data jakin batzuk markatu ditugu Los Trankilosentzat. Inauterien kontua horrela sortu zen, ezerezetik. Gero “Mi Dulce Guerrero” elkarteari kale giroa sortzen lagundu diogu bere egitasmoan eta San Tomas egunean berriz, txosna jartzeko aukera ikusi genuen. Urtean erreferentziazko 4 edo 5 ekitaldi hartu eta horiekin aurrera egitea dugu asmoa.
Aitor: Santiagoko jaietan ere parte hatu genuen eta oso pozik geratu ziren. Egiten dugunak ez du beste misteriorik, herri giroa sortu eta jendea gustura ibili dadin lagundu.
Beraz, ba al duzue jada egitasmo berriren bat buruan bueltaka?
Aitor: Oraindik ez dugu ezer lotua, baina ideia da aurreko urtekoaren antzekoa izango den egutegi bati jarraitzea. Jada egindakoez gain, aukera berriren bat sortzen bada ikusiko dugu gogotsu ote gauden eta, bakoitzaren lanarengatik ez bada, ea joaterik ba ote dugun.
Asier: Egia da Irun kanpotik gonbidapen batzuk iritsi zaizkigula, baina ezin gara hainbestera iritsi, herri bakoitzean egin dezatela gurearen antzeko zerbait. Gu hemen geratuko gara, beti auzoei laguntzeko prest eta iristen zaizkigun proposamenentzat ia beti baiezko erantzunarekin ahoan.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



