Irungo Udalak San Jose Langilea kaleko futbol zelaiko belar artifiziala osorik berritzeko proiektu teknikoa eta horretarako kontratazio prozedura onartu ditu. Instalazioak hamabost urte baino gehiago ditu dagoeneko eta nahiko hondatuta dago. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzarrak hartu da erabakia, gaur goizean Irungo alkate Cristina Labordak jakitera eman duenez.
Egungo zoruaren balio bizitza bukatzear da, kautxua oso higatuta baitago, eta kirol ekipamendua (ateak, aulkiak eta alboetako sareak) eta beste hiri elementu batzuk (kanaletetako saretak, zakarrontziak, etab.) nabarmen hondatuta daude. Horregatik, beharrezkoa da denak ordezkatzea.
Proiektuaren xehetasunak
Proiektuak egungo belarra osorik kentzea xedatzen du, eta sistema berri bat instalatzea: oinarri elastikoa eta 40 milimetroko belar artifiziala. Era berean, arauzko futbol zelai bat markatuko da, zuria, eta zazpiko futboleko bi, beste kolore batekoak, baita silize harea eta kautxu pikorkatua zabaldu ere, gainazala seguru eta uniformeagoa izan dadin.
Lehenik, kirol ekipamendu guztia eta nylonezko sarea kenduko dira, eta, gero, belar artifiziala. Ondoren, belarrari eusten dion geruza garbituko da, eta planimetria egiaztatu, eta, lurra hondoratuta badago nonbait, konpondu egingo da, sistema berria zabaldu ahal izateko. Azkenik, kirol ekipamendu berria eta babes sareak jarriko dira, eta alboetako kanaletetako saretak eta zakarrontziak aldatu.
Aurrekontua 439.000 euro baino gehiago da, eta Udalak kirol azpiegitura publikoak mantendu eta modernizatzeko hartutako konpromisoaren esparruan egingo da inbertsioa, kirola sustatzeko.



