2026ko inauteriak ospatzeko prest dago Irun

Galdaragileak eta Inude eta Artzainak hiritik igaro ostean, jaia aurrera doa Irunen, eta, aste honetan, 2026ko inauteriak ofizialki hasiko dira. Inauteri ospakizunak Ostegun Gizenean, otsailaren 12an hasiko dira eta Inaute Asteartera arte, otsailaren 17ra arte, luzatuko dira. Ekitaldi jendetsuenak larunbat eta igande arratsaldeetako desfileak izango dira, nahiz eta inauteritako egitarauaren barnean ere bestelako ekintzak antolatuko diren egun hauetan zehar.

Programazioaren hitzordu nagusien errepasoa egiteko Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak prentsaurrekoa eman du San Juan plazan, jai egitarauan parte hartuko duten konpartsa eta elkarte batzuetako kideekin batera.

Inauteriak Ostegun Gizenean hasiko dira, hilak 12, eta, ordutik aurrera, etenik gabeko beste bost jaiegun izango dira Irungo kale guztietan, astearte inautera arte. Egun horietan zehar, milaka parte hartzailek eta hamalau taldek osatutako desfile batek, karrozak barne, hiriko kaleak hartuko dituzte, eta Irungo txoko guztiak kolorez, musikaz eta dantzaz beteko.

Nuria Alzagak egun hauetan kalera mozorrotuta ateratzera deitu die herritarrei, eta inauteriez are gehiago gozatzera. Nabarmendu duenez, “dibertsioz, festaz eta kolorez betetako egunak ditugu aurrez aurre. Urtetik urtera, inauteriek gero eta garrantzi handiagoa dute Irunen, eta, asteburu honetako atarikoa ikusita, hiriak inauterietarako gogo handia duela erakutsi du berriro. Horregatik, Udalak, tokiko elkarte eta erakundeekin batera, datozenak egun paregabeak eta bizi-biziak izan daitezen lan egin du”.

Alzagaren esanetan, “eskertzekoa da antolakuntzan parte hartu duten guztien lana eta dedikazioa, elkarteen eta erakundeen ahaleginik gabe ez baikenuke inauteririk. Haien ahaleginari esker, gure hiriaren mailako programazioa eskain dezakegu. Horregatik, eskerrik asko, Udal osoaren izenean, hori posible egiten dutenei”.

Aurtengo inauterietako egitarauari dagokionez, oparoa bera, ekitaldi nagusia asteburuko desfilea izango da, jakina: larunbatean zein igandean, konpartsek hiriko erdiguneko kaleetatik desfilatuko dute, musikaren erritmoan. Aurrez, konpartsen aurkezpena egingo da, San Juan plazan: urtero bezala, ostiralean, milaka profesional eta zaletu bilduko dira, prestatu dituzten koreografiak dantzatzeko, ikusleak zur eta lur uzteko asmoz.

Honako hauek dira aurten parte hartuko duten konpartsak: Aurreratu Elkartea, Pauso-K, 22 Academy, San Juan Arri Guraso Elkartea, Ainhoa Dantza Akademia, El Pilar ikastetxeko guraso elkartea, Santiagoko Deabruak, My Dance Studio, Gazte-Landetxa, San Vicente de Paul ikastetxeko guraso elkartea, Trikuharri elkartea, Jazzarte dantza taldea, Carlos Zapirain areto dantzen akademia eta Los Trankilos.

Gune egokituak

Aurkezpenerako, mugikortasun urriko pertsonentzako eta bestelakotasun funtzionala dutenentzako plataforma bat jarriko da, eta, asteburuko desfileetan, bi gune egokituko dira haientzat: Luis Mariano lorategietako turismo bulegoan bata eta Colón ibilbidearen eta Pikoketa karrikaren arteko bidegurutzean bestea. Batean zein bestean, sarrera kontrolatzeko norbait egongo da.

2026ko inauterietako egitaraua

Otsailak 12, Ostegun Gizena

19:00etan, Zanpantzarren konpartsa, gaita jotzaileek, Irungo Musika Eskolako ikasleek, Auntxa Trikitixa Eskolak, Txingudiko Dultzaineroek eta Bidasoko Erraldoiek lagunduta, Alberto Anguera plazatik Zabaltza plazaraino, Oiartzun, Hondarribia, Zubiaurre eta Geltoki kaleetan eta Colón ibilbidean barrena

19:30ean, Zanpantzar plazan jartzea, Zabaltza plazan, eta Erraldoien Balsa, Bidasoko Erraldoien eskutik

Otsailak 13, Ostiral Mehea

18:00etan, Zanpantzarren irteera, Bidasoko Erraldoiek lagunduta, Leandro Agirretxe plazatik (Palmera-Monterotik) San Juan plazaraino, Uranzu kalean, Pelegrín de Uranzu karrikan, Urdanibia plazan, Eguzkitzaldea kalean eta Prudencia Arbide karrikan barrena

19:30ean, 2026ko inauterietako konpartsen aurkezpenaren aurreko showa, San Juan plazan

20:00etan, 2026ko inauterietako konpartsen aurkezpena, San Juan plazan (euria ari badu, Amaia KZn).

22:00etan, Txintxarri txaranga, San Juan plazaren inguruan

Otsailak 14, larunbat erdikoa

09:00etan, euskal inauteriak, Eraiki Dantza Taldearekin, Bidasoko eta Behobiako baserrietan barrena

09:30ean, euskal inauteriak, Ibarla Meaka Dantza Taldearekin, Meakako baserrietan barrena

10:00etan, euskal inauteriak, Txorimaloak Soinu Taldearekin, Anakako baserrietan barrena

12:05ean, Euskal Herri Inauteria, Kemen Dantza Taldearekin, Pio XII.aren plazatik San Juan plazaraino, Serapio Mujika eta Juan Arana kaleetan, Zabaltza plazan, Colón ibilbidean, Foruen Karrikan eta Karrika Nagusian barrena

17:00etan, inauterietako desfilea, Letxunborro hiribidetik San Juan plazaraino, Zanpantzar buru dela

20:30ean, Burrunba elektrotxaranga, San Juan plazaren inguruan; Los Trankilos, Urdanibia plazatik San Juan plazaraino; eta diskofesta, Zabaltza plazan

Otsailak 15, igande inautea

09:00etan, euskal inauteriak, Egoipar Meaka Dantza Taldearekin, Meakan barrena

09:00etan, euskal inauteriak, Txorimaloak Soinu Taldearekin, Kateko baserrietan barrena

09:00etan, euskal inauteriak, Kemen Dantza Taldearekin, Olaberriko baserrietan barrena

17:00etan, inauterietako desfile herrikoia, Letxunborro hiribidetik San Juan plazaraino, Zanpantzarrekin eta konpartsekin

Otsailak 16, astelehen inautea

10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara, gaztelu puzgarriak, Urdanibia plazan

16:30etik 18:00etara, “Kapelagilearen abenturak” ipuin kontaketa, Ireki Art aretoan, CBAn –sarrera doan izango da, eta aretoaren edukiera bete arte sartu ahalko dira familiak–

Otsailak 17, astearte inautea

19:30ean, Sardinaren Ehorzketaren eta Zanpantzarren Erreketaren segizioa, Zabaltza plazatik San Juan plazaraino, Colón ibilbidean, Foruen Karrikan eta Karrika Nagusian barrena, eta, bukaeran, azken traka, Santiagoko Deabruekin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude