2025ean zehar Babes Zibilak 81 esku-hartze egin zituen; aurreko urtean baino 10 gehiago

Babes Zibilaren 2025eko jardunaren balorazioa egin da gaur. Guztira, 81 alditan esku hartu zuen taldeak, hamar alditan gehiago 2024an baino, edo, bestela esanda, 1.909 ordu egin zuen zerbitzu, 650 bat gehiago aurreko urtean baino; alegia, % 51 gehiago. Irungo Udaleko Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako ordezkari Iñigo Bergések, Larrialdietako teknikari Iñigo Echeparerekin eta Babes Zibileko buru Emilio San Juanekin batera,

Zehazki, 13 aldiz, alerta eta/edo larrialdiengatik zerbitzu egin zuen; 50 alditan, kultur eta kirol arloko eta aisialdiko ekitaldiengatik; eta 18 aldiz, prestakuntza eta gizarte gaiengatik. Martxoan, irailean, urrian eta azaroan, Bidasoa ibaiaren goraldi handien ondoriozko alertengatik esku hartu zuen, ibaiak gainezka egiteko arriskuari aurrea hartzeko, eta, urtarrilean, urrian eta azaroan, haize ufada bortitzen ondoriozko abisu horiarengatik; besteak beste, eroritako adarrak kendu behar izan zituzten boluntarioek.

Aurten, Babes Zibilak proiektu berri batzuk jarriko ditu martxan, prebentzioa eta jarduna hobetzeko. Horrela, furgoneta bat erostea aztertzen ari da, larrialdietan taldekideak eta bitarteko materialak garraiatzeko; boluntarioak erakartzeko kanpainak egiteko asmoa du; eta larrialdietan Bidasoko Irratizaleen Batasunarekin elkarlanean aritzea darabil gogoan. Gainera, taldea berrantolatzen eta lekualdatzen ari da, baina aurrerago jakinaraziko da non kokatuko den.

Iñigo Berges ordezkariaren esanetan, Babes Zibileko boluntarioek egiten duten lana “itzela da. Behin eta berriro goraipatuko dut urte osoan egiten duten lana, ia ikusezina eta apenas balioetsia baina behar-beharrezkoa baita. Boluntarioek herritarrei laguntzen ematen dituzte beren ordu libreak; besteak beste, oso eguraldi txarra dagoenean eta hirian kirol eta gizarte arloko ekitaldiak antolatzen direnean”. Hori dela eta, ordezkariak haien lana eskertu du.

Larrialdi abisuak

Irungo Udalak badu gertakari meteorologiko larrien kontrako SMS bidezko alerta sistema bat, Udaltzaingoak kudeatzen duena. Hain zuzen ere, gertakari meteorologiko larriengatik edo beste arrazoiren bategatik arriskua dagoenean SMS bidez alerta bat jasotzea eskaintzen du Udaltzaingoak, doan, horrelakoren bat iragartzen den kasuetan: euriteak, haizeteak, hotzaldiak, elurteak, basoetako suteak, ezbehar kimikoak, salgai arriskutsuekin gertatzen diren ezbeharrak…

Alerta gorria denean, berriz, SMS abisuak automatikoki bidaltzen dira, arrisku eremuan erroldatuta dauden eta Udalaren Informazio Sisteman erregistratuta dauden pertsona guztien sakelakora. Horrela, alerta zerbitzuan izena ematea gomendatzen zaie herritarrei.

21 boluntario

Irungo Babes Zibila 21 boluntariok osatzen dute, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemari prebentzio lanetan eta lan operatiboetan laguntzeko. Prebentzio lanak egiteaz eta larrialdietan esku hartzeaz gain, boluntarioak lehen laguntza ematen ere aritu ohi dira, Gurutze Gorriarekin eta osasun zerbitzuekin elkarlanean, lehen laguntza sanitarioa emateko operazioak muntatzen San Pedro eta San Martzialetan (larrialdietan arreta emateko puntuak), kirol ekitaldi nagusietan eta abarretan. Gainera, auzo, gizarte eta kirol elkarteei laguntzeko prest daude beti, haien ekitaldietan segurtasuna bermatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude