Haize ufada bortitzengatik alerta laranja ezarri da biharko

Euskalmetek muturreko eguraldiagatiko alerta laranja eman du biharko aurreikusten diren haixe ufada bortitzengatik. Horri erantzuteko, Larrialdietako Udal Plana aktibatu dute Irungo Udalak eta Udaltzaingoak, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzaren bidez.

Babes Zibileko Plana barne-kontroleko orri bat da. Dokumentu horretan zenbait jarduketa jasotzen dira, herritarrei, Udalaren arloei eta larrialdietan diharduten zerbitzuei zuzenduak, ezohiko egoera meteorologikoei aurre egiteko.

Hauek dira hurrengo alerta-aldiak, Euskalmeten egungo iragarpenaren arabera:

  • Abisu horia haizeteengatik haizeguneetan eta haizeguneak ez diren eremuetan, 00:00etatik 23:59etara arte (hego-hegomendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete).
  • Abisu laranja haizeteengatik haizeguneetan eta haizeguneak ez diren eremuetan, 15:00etatik 20:00etara arte (hego-hegomendebaldeko haize boladek 120 km/h-ko abiadura gainditu dezakete).

Horrez gain, Euskalmetek gomendio hauek ematen dizkie herritarrei, gaur eta biharko haizeteei aurre egiteko:

  • Ateak ixtea eta leiho eta toldoak finkatzea
  • Loreontziak eta kalera eror daitekeen objektu oro barrura sartzea
  • Aipatutako orduetan mendira ez joatea eta, behar-beharrezkoa bada, dagozkion neurriak hartzea
  • Erlaitz, horma eta zuhaitzetatik eta publizitate hesietatik urrutiratzea eta lanak egiten ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean neurriak hartzea
  • Aldamio eta garabiak eta lanak egiteko beste elementu batzuk finkatzea
  • Ahal dela errepidetik ez bidaiatzea eta dagozkion neurriak hartzea
  • Nor nora doan edo nondik pasatuko den, bertako eguraldiaz informatzea
  • Haize zakarrak sortzen dituen itsasaldi eta olatuetatik urrutiratzea
  • Itsasontzirik ez erabiltzea, amarrak finkatzea
  • Ur-kiroletan ez aritzea

SMS bidezko alerta-sistema

Udaltzaingoak zerbitzu bat eskaintzen die herritarrei, SMS bidez alerta bat jaso dezaten muturreko eguraldiagatik edo beste arrazoiren bategatik larrialdiren bat dagoenean. Zerbitzua doakoa da, eta izena ematen dutenek SMS bat jasotzen dute mugikorrean larrialdi bat dagoenean: euriteak, haizeteak, hotz-boladak edo elurteak, basoetako suteak, gai kimikoen edo salgai arriskutsuen istripuak edo bestelakoak.

Alerta larria bada, SMS abisuak automatikoki igorriko dira, baita izena eman ez dutenei, arrisku-eremuan erroldatuta dauden eta Udalaren informazio-sisteman telefono mugikorra erregistratuta duten pertsona guztiei. SMS bidezko alerta-sisteman izena eman nahi baduzu, egin klik hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude