Udalak Irungo Udaltzaingoak multierreinzidenteen erregistrorako sarbide zuzena izatea eskatu du

Irungo Udalak Udaltzaingoak zuzenean multierreinzidenteen erregistrora sarbidea izatea nahi dut. Horregatik, Cristina Laborda alkateak eskaria helarazi dio Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioari. Helburua da udaltzain jakin batzuek hiru euskal hiriburuetan jada erabiltzen dituzten tresna berberak eskuragarri izatea, aurrekari penalen fitxategietara eta kautelazko neurriei eta urruntze aginduei buruzko informaziora sarbidea ematen duen, SIRAJ sistema kontsultatu ahal izateko.

Eskaera honen bidez, Irungo Udalak abian jarri nahi du udaltzainen jardueraren eraginkortasuna indartzeko eta agintaritza judizialarekiko koordinazioa hobetzeko tresna berri bat, Udaltzaingoa erreinzidentzia kasuetan esku hartzeko funtsezko tresna batez hornituta.

“Irunen segurtasuna hobetzen jarraitzeko beste neurri bat da eskaera hau” adierazi du Irungo alkate Cristina Labordak, eta “kasu honetan Irungo hiriaren interesak babestuko ditugu, eta mugaldean hartzen dugun garrantzi guztiz berezia aldarrikatuko dugu, eskualdeko hiri nagusia baita Irun”, gaineratu du. “Gure muga izaera oso aintzat hartu behar da. Gure legea, mugaren alde honetan, ez da Frantziako esparru juridikoarena bezalakoa, mugaren beste aldean erantzunak azkarragoak baitira eta kautelazko neurri zorrotzagoak ezartzen baitira erreinzidentzia kasuetan”.

Eskaera eta baldintza bereziak

Irungo Udalak egindako eskaera guztiz berezia da, indarrean dagoen araudiaren arabera bete beharreko baldintza orokorra baita udalerriak 250.000 biztanle baino gehiago izatea edo, probintzietako hiriburuen kasuan, 175.000 biztanle baino gehiago. Araudi horren arabera, sistema horretan sarbidea izan dezakete 75.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek, betiere inguruabar ekonomiko, sozial, historiko edo kultural berezi batzuk gertatzen badira.

Irunek 63.835 biztanle zituen erroldatuta 2025eko abenduan, eta, beraz, ez da biztanleen gutxieneko kopuru horretara iristen. Horrexegatik, eskaera hau Irungo hiriak eskualdeko buru gisa eta mugaz gaindiko kokagune gisa duen izaera berezian oinarritzen da, erroldan jasotakoa baino biztanleria erreala eta jarduera operatiboa askoz handiagoa baita, eta inguruabar horiek eskaera justifikatzen baitute araudian aurreikusitako kasuen babesean.

Argudioen zerrenda

Eskaera honek hainbat arrazoi ditu oinarrian. Lehen arrazoia da eginbideen instrukzioa egiteko eta informazio hori agintaritza judizialarekin partekatzeko eraginkortasuna hobetzea; horri esker, atxilotutako edo ikertutako pertsonen aurrekariak berehala eskuratu ahal izango dira.

Bigarren arrazoia da Irunek eskualdeko buru gisa eta mugaz gaindiko nodo gisa duen lurralde eta funtzio berezitasuna; izan ere, nabarmen gainditzen du erroldatutako biztanleria, biztanleria finkoko 100.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen eskualde batean baitago, eta, urteko aldi jakin batzuetan, egoiliarren eta bisitarien kopurua nabarmen handitzen baita. Horrek polizia gaitasun operatibo handiagoa eskatzen du.

Lurralde arteko eta mugaz gaindiko mugikortasun bizia da hirugarren arrazoia. Irungo hiriak harreman funtzionalak ditu Nafarroako Bortzirietako herriekin, eta Frantziako udalerri batzuk ditu mugakide, pertsonen joan-etorriak etengabeak dira, eta poliziek esku hartzean aurrekari penalak ahalik eta arinen ezagutzeko tresnak eskatzen ditu inguruabar horrek.

Eskaeran azaldutako laugarren arrazoia da Irungo Udaltzaingoaren benetako lan karga itzela herritarren segurtasunaren arloan. Azken lau urteetan 345 atxiloketa egin dira eta egoitza judizialera eraman dira, 625 pertsona ikertu dira epaiketa azkarretan eta 2.755 atestatu bideratu dira. SIRAJ sistemarako zuzeneko sarbideak aukera emango du lan hori zorroztasun tekniko handiago batez egiteko, hasiera-hasieratik eskuragarri egongo baita erreinzidentziari buruzko informazioa.

Azkenik, polizia kidegoaren beraren egituran eta gaitasunetan oinarritzen da eskaera; izan ere, erregistroan sarbidea izanik indartu egingo luke Ertzaintzarekin finkatuta duen lankidetza, Ertzaintzak dagoeneko sarbide arrunta baitu SIRAJ sisteman eta atestatuetan erreinzidentzia jasotzen baitu.

Argudio horietan oinarrituta, Cristina Laborda alkateak eskaera egin du zehazten diren udaltzainek SIRAJ sisteman sarbidea izan dezaten, legez aurreikusitako baldintzetan, segurtasun juridikoa eta herritarren babesa indartzeko.

“Herritarrek erantzunak eskatzen dizkigute eta gure betekizuna da ekintzen bidez erantzutea, ez soilik hitzez. Horrexegatik, ostegunean Kongresuan izango naiz beste alkate batzuekin batera, gure ustez ezinbestekoa baita legea aldatzea, mutierreinzidentziari eman beharreko erantzuna indartzeko. Gertutik jarraitzen dudan kontua da, eta administrazioen arteko koordinazioa eskatzen du”, adierazi du Cristina Labordak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude