Euskararen Hilabetea martxan da Irungo haur eta gazteen euskararen erabileran eta motibazioan eragiteko

Irungo Udalak, Euskara zerbitzuaren bidez, Euskararen Hilabetea martxan jarri du. ‘Klik euskarari!’ lelopean, hiru jarduera antolatu dira. Urtero lez, haur eta gazteen euskararen erabileran eta motibazioan eragiteko xedea dute. Gaur goizeko prentsaurrekoan, Josu Iguiñiz ordezkariak, Maialen Pikabea euskara teknikariak eta Ainara Berges Irunero aldizkariko kazetariak egitasmoaren xehetasunak aurkeztu dituzte.

Guztira, hiru ekintza antolatu dira 2026ko Euskararen Hilabetearen barnean.  Lehenengo, ikasleek antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute Amaia Kultur Zentroan; bigarrenik, ikasleen sorkuntza lanekin Irunero aldizkariaren bi zenbaki berezi plazaratu dira jada; eta, hirugarrenik, Mintzodromo Gaztea antolatu da Palmera Montero Gunean.

Josu Iguiñiz ordezkariak azaldu duenez, “euskal kulturaren bidez eta euskaraz dauden produktuak baliatuz Irungo haur eta gazteei pertsona kritikoak, sortzaile eta sentiberak gisa hazteko aukera ematea ere lortu nahi da programa honen bitartez”. Euskara ordezkariak azaldu duenez, antzezlanen eta abarren narrazio eta gai desberdinen bitartez, “hiztegia, adierak eta egitura deskribatzaileak garatu eta aberastuko ditu ikasleak, bai hizkuntza mailan baita modu pertsonalean ere egungo arazoen gainean erreflexio eginez”.

Antzerkiak Amaia KZn

Haur Hezkuntza (3, 4 eta 5 urtekoak), Lehen Hezkuntza (3. eta 4. mailakoak) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (1go, 2., 3. eta 4. mailakoak) gazteek ikuskizunetaz gozatzeko aukera edukiko dute otsaila eta martxoan zehar.

Asteazken honetan, otsailaren 25ean, Pantzart konpainiaren ‘Kolorez kolore’ antzezlanak emango dio hasiera Euskararen Hilabeteko programari eta Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko haurrei zuzendutako antzerkia izango da. Poemak, txotxongiloak, leihoak, abestiak, ilargiak, barraskiloak eta hipopotamo handi bat dituen etxetxo bat eraikiko da; amaieran, bisitatu daitekeen etxetxoa. ‘Kolorearen aztia’ izenez ezagutzen den Květa Pacovská ilustratzaile txekiarraren lan plastikoan inspiratua dago.

Martxoaren 4 eta 5ean, Gorakada Teatroak ‘Moko’ ikuskizuna eskainiko du Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleentzat. Ikuskizun honen protagonista nagusia Indalezio Bizkarrondo da. Beste edozein ume bezalakoa zen. Jolasean aritzen zen, txoriak eta arrainak harrapatzen. Alaia, bizia eta ausarta zen. Hain ausarta ezen bere abenturetako batean altuera handi batetik erori eta kolpeak aurpegia desitxuratu baitzion, betirako. Hala, munduaren begietarako munstro bilakatu zen. Bakarrik geratu zen. Izena galdu zuen. Ordutik aurrera, Moko deitzen zioten denek. Mokok ume bat gehiago izan nahi zuen, lagunak eduki, maitatua sentitu. Eta aurkitu zuen horretarako bidea. Dohain ia magiko bat zuela deskubritu zuen: Mokok hegan ikusten zituen hitzak, eta behinola sugandila edo txoriekin egin zuen bezala, ehizatu eta bertso bihurtzen zituen. Horri esker, gainerakoek, begiratzen zutenean, ez zuten munstro desitxuratu bat ikusten, baizik eta arima ederreko poeta bat. Ume hori heldu bilakatu zen. Bilintx bihurtu zen, herriak hainbeste maite zuen poeta.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteek emango diote bukaera Euskararen Hilabetearen egitarauari, hain zuzen ere, martxoaren 25, 26 eta 27an, Pikor Teatroak ‘Rednudes’ antzezlana taularatuko du: nudeak, bideo eta argazki intimo konprometituak, lapurtuak, baimenik gabe publikatu eta sareetan biralizatuak. Ikasleen artean alarma eta gatazka gero eta handiagoak. Institutuko lagun bat desagertu da aztarnarik utzi gabe eta inork ez du kontatu nahi zer dakien…. Gezurrak desmuntatzen dira, baina inork ez du aurrerapausorik ematen. Kontsentimenduari buruz ariko dira protagonistak.

Mintzodromo gaztea

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako gaztxoei zuzendutako Mintzodromo Gaztearen beste edizio bat antolatu du Euskara Zerbitzuak Loveo enpresaren gidaritzapean. Otsailaren 27an egingo dute saioa Palmera Montero Gunean sare sozialen, intimitatearen, sedukzioaren eta edertasun ereduen inguruan euskaraz egiteko aukera izango dute gazteek beste institutuetako ikasleekin.

Irunero bereziak

Ikasleen sorkuntza lanei ikusgarritasuna ematea helburu hartuta, Irunero aldizkariaren bi zenbaki berezi plazaratuko dira. Batak, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 4. mailara bitarteko ikasleen lanak biltzen ditu; besteak, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitartekoak. Aldizkariak formatu digitalean argitaratuko dira eta, ikastetxeei bidaltzeaz gain, horiek irakurtzeko aukera egongo da Irungo Udal atarian. Bi zenbakietan Josu Iguiñiz Euskara ordezkariaren agurrak ikusgai egongo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude