Martxan da Anakako etxeen ingurua berrurbanizatzeko lanen bigarren fasea. Lanen bigarren zati honetan Lekuona misiolariaren kalean, Fabiola erreginaren kalean eta Gaskoi kaleetan jardungo da. Cristina Laborda Irungo alkatea, Gorka Álvarez Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkari eta Txomin Gutiérrez Anakako auzo elkarteko presidentea Anakako etxeen inguruan izan dira gaur, eremu hori bisitatzeko.
Irungo Udalak 2020an onetsi zuen Anakako etxeen ingurua birgaitzeko proiektua, zenbait azpiegitura eguneratzeko eta bideak eta oinezkoen eremuak berrurbanizatzeko. Horrela, eremu osoaren itxura orokorra hobetzeaz gain, egungo beharrei hobeto erantzuten dien mugikortasun sare bat antolatu nahi zen, hala oinezkoentzat nola ibilgailuentzat.
Esku-hartzea lau fasetan banatu zen: aurrenekoa 2024ko urtarrilean amaitu zen, eta orain bigarrenari ekin berri diote, irizpide beren arabera. Fase honetan Lekuona misiolariaren kalea osorik berrurbanizatuko da, bai eta Fabiola erreginaren kalearen parte bat (Florencio Iracheta plazaren eta Lekuona misiolariaren kalearen arteko bi zati) eta Gaskoi kalearen beste bat ere (Fabiola erreginaren kalearen eta Lekuona misiolariaren kalearen arteko zatia).
Cristina Laborda alkatearen hitzetan, “bere garaian auzoarekiko konpromiso bat hartu genuen: berrurbanizazio-obren bigarren fasea osatuko genuela, alegia; eta gaur, obrak hasita, hitzetik ekintzetara pasatu gara”. Alkateak azaldu duenez, Anakako etxeen eremu hori, bere esentziari eta nortasun historikoari uko egin gabe, askoz irisgarriagoa izango da, oinezkoentzako seguruagoa eta egunerokotasunerako atseginagoa.
Bestalde, Gorka Álvarez ordezkariak nabarmendu duenez, “berrurbanizazio-obra handi honek onura handia dakarkio auzoaren azpiegiturei”. Gainera, Obra, Mantentze Lan eta Azpiegituretako ordezkariak azpimarratu du, lehentasuna emango zaiola oinezkoari, zirkulazioa berrantolatuko da, zuhaitzak landatuko dira eta kaleek itxura berria izango dute, hiri-altzari berriekin. “Arloan lan itzela egiten ari gara berrurbanizazio integral honen alde, Anakako auzotarren ongizaterako eta segurtasunerako oso onuragarria izango da eta” erantsi du Gorka Álvarezek.
Oinezkoentzako espazio gehiago
Gaur egun, auzoko kaleak, oro har, noranzko bakarrekoak dira. Galtzadaren bi aldeetan dituztenez aparkatzeko lekuak, espaloiak aski estuak dira (1,62 m-koak gehienez ere) eta, zuhaitzak ere bertan daudenez, ibiltzeko zailak dira. Berrurbanizazioaren helburu nagusia oinezkoei espazioa eskaintzea da, ibilgailuen aldean. Horretarako, bizikidetza-eremuak osatuko dira, eta zoladura guztia maila berean jarriko. Kale guztietan mantenduko dira aparkatzeko tokiak: 45 egongo dira orotara, gaurko 53en aldean.
Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, zenbait kaleren noranzkoa aldatuko da, auzora propio ez doazen ibilgailuen joan-etorria saihesteko (gaur egun, Lekuona misiolariaren kaletik zeharkatzen dute auzoa zenbait autok, hiri hegoaldera bidean). Horretarako, hegoaldeko noranzkoa izango du kale horrek Anaka eta Fabiola erreginaren kaleen artean, baita Gaskoi kalearen eta Eulalia infantaren kalearen artean ere. Gainerako zatietan, iparraldeko noranzkokoa izango da.
Azpiegiturei dagokienez, euri-urak biltzeko saneamendu-sarea berrituko da, eta ur zikinak jasotzekoa bere horretan mantenduko da. Horrela, bi sareak bereizita egongo dira, ur mota bakoitza bere aldetik biltzeko. Energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegiturak ere berrituko dira, orain dauden aireko kableak lurperatzeko. Horrez gain, argiteria publikoa guztiz berrituko da, LED argiak darabiltzaten farol berriak jarrita, jasangarritasun energetikoko baldintzak betetzeko. Edateko ura eta gasa banatzeko azpiegiturak egoera onean daude eta, ondorioz, ez da jarduketarik egin behar alor horretan.
Bestalde, landatuko diren zuhaitzei dagokienez, hiri eremuetan landatzeko eta hazteko aproposagoak diren espezieak jartzea erabaki da. Aparkalekuen lerrokaduran jarriko dira, pertsonen joan-etorrietan trabarik ez egiteko moduan.
Kale-mozketak
Lanak direla eta, Anaka kalea moztuta egongo da astelehen, astearte eta asteazkenean (otsailak 23, 24 eta 25), Letxunborro hiribidearen eta Aiako Harria kalearen artean, bi norakoetan, lanorduetan. Gauez irekita egongo da. Kalea moztuta dagoen orduetan ere, Aldabe mendia, Anaka eta Lekuona misiolariaren kaleetan bizi direnei beren etxeetara pasatzen utziko zaie.
San Migel auzora joateko, Letxunborro hiribidetik eta Jaizkibel kaletik joan beharko dute ibilgailuek, eta Letxunborro hiribidera joateko, Fabiola erreginaren eta Lekuona misiolariaren kaleetan barrena. Desbideratze horiek Irunbusen L1 lineari ere eragingo diote: horrela, Anaka kaleko 40.eko geltokia 19.era pasatuko da, Jaizkibel kaleko bidegurutzean.
Gainera, Lekuona Misiolariaren kaleko mozketa datozen asteetan zehar mantenduko da Fabiola Erregina kaleko bigarren jaitsierara arte. Horregatik, egoiliarrak bakarrik sartu ahal izango dira Misiolari Lekuona kalearen eta Anaka kalearen arteko bidegurutzetik.



