2025eko Gabonetako kanpainak 6,2 euroko itzulkina sortu du inbertitutako euro bakoitzeko

2025-2026ko Gabonetako kanpainaren inpaktu ekonomikoaren balantzea aurkeztu da. Irungo Udalaren Ekonomiaren Sustapen eta Hiri Bultzada arloak azaldu duenez,  45,2 milioi euro gehiago gastatu dira, hau da, aurreko kanpainan baino % 24,2 gehiago. Hain zuzen ere, Gabonetako kanpainaren 2025eko azaroaren 29an hasi zen eta 2026ko urtarrilaren 6ra arte luzatu zen.

Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Ekonomiaren Sustapeneko eta Hiri Bultzadako ordezkariak nabarmendu duenez, «aurtengo edizioak aise gainditu du iazkoa, eragin ekonomikoari dagokionez». Gainera, Udalaren apustua zein den ere azaldu du: «Gabonak hiriko ekitaldi gisa indartzea, jendea erakartzeko, eragin ekonomikoa izateko eta saltokiak, merkatuak eta ostalaritza dinamizatzeko gaitasuna izango duen ekitaldi gisa, alegia».

Gabonetako datuak aztergai

Azken kanpaina honen azterlana egiteko datu estatistikoen neurketak eta bost merkataritza-eremutan egindako galdetegi bidezko landa-lana uztartu dira. Guztira, 686 galdetegi osatu dituzte parte-hartzaileek, eta beste 28 inkesta egin zaizkie hiriko beste horrenbeste merkatariri. Kanpainari berariaz lotutako inpaktu ekonomikoa aztertuta, ia 4,2 milioi euroko itzulkin garbia zenbatetsi da, inbertsio hori kenduta. Horrela, Udalak inbertitu duen euro bakoitzeko, kanpainak 6,2 euroko itzulkina sortu du.

Jendeen joan-etorriari dagokionez, kanpainaren egunetan hiriaren erdigunean 730.000 oinezko ibili zirela zenbatetsi da. Gainera, Gabonetako kanpainaren merkataritza-gunera joan zirenetako 57.000 pertsona horretara propio joan zirela ondorioztatu dute azterlanean. Beraz, argi dago jendea erakartzeko gaitasuna eta hiriaren dinamismoa sustatzeko indarra duela kanpainak.

Bertakoak eta bisitariak erosle

Kontsumoaren datuek erakusten dute kanpainak eragiteko gaitasuna duela, merkataritza-jarduerari, merkatuei eta ostalaritzari dagokienez. Batez besteko egun batean, hiriaren erdigunean zeudenen % 49,8k gasturen bat egiten zuten.

Gainera, erosteko joera oso handia neurtu da azterlanean, Gabonetako oporraldi osoan:  parte-hartzaileen % 92k ekipamendu pertsonaleko erosketak egin zituen merkataritza-gunean eta merkatuetan Gabonetako kanpainan zehar. Erdiguneko eta merkataritza-eremuetako egun tipiko bat hartuta, 62 eurokoa izan zen pertsonako batez besteko gastua, baina alde handiak daude jatorriaren arabera:  59 euro Irunen bizi direnen artean, eta 88 euro bisitarien artean. Bestalde, kanpaina osoko guztizko batez besteko gastua 519 eurokoa izan zen Irunen bizi direnen artean.

Emaitza horiek mahai gainean, lehen alkateordeak esan duenez, «lanean ari gara jada 2026-2027ko Gabonetako kanpaina prestatzeko, betiko helburuak sustatzen jarraitzeko, alegia, eredua hobetzen jarraitzeko, sinergia publiko-pribatuak indartzeko eta aukera ugariko hiri aktiboa eta merkataritza lehiakorra sustatzen segitzea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude