Irungo Udalak bide publikoan segurtasuna eta zaintza indartzeko bidean beste urrats bat eman du. Tokiko Gobernu Batzarrak hiriko 18 gunetan bideozaintzako 36 kamera berri hornitzeko eta instalatzeko kontratazioa onartu du. Gailu hauek 2026an zehar jartzen joango dira eta, behin prozesua amaituta, Irunek 226 kamera izango ditu hiri osoan zehar banatuta.
Kamera berri hauen helburu nagusia kanpoko espazioetan segurtasun-maila handitzea, trafikoa hobeto kontrolatzea eta gerta daitezkeen gorabeherei aurrea hartzea da. Gaur egun martxan dauden 190 kameretatik, 128 finkoak dira eta 62 mugikorrak; horietatik 106 eraikinetan daude eta 84 bide publikoan.
Neurri hau Aurrekontu Parte-hartzaileen programatik dator eta 200.000 euroko inbertsioa eskatuko du. Cristina Laborda alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez, segurtasuna bere gobernuaren “lehentasun handienetako bat” da. Alkateak erantsi du, “Herritarrek hala adierazten digute; neurri hau Aurrekontu Parte-hartzaileetan proposamen bozkatuenetako bat izan da”. Azkenik, Cristina Labordak erantsi du, “gure helburua Udaltzaingoari baliabide hobeak ematea da, Irun hiri segurua izan dadin”, adierazi du alkateak.
Lankidetza poliziala
Sistema honek denbora errealean zaintzeko aukera emateaz gain, irudiak berreskuratzeko aukera ere eskaintzen du ikerketetarako. Zentzu horretan, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza estua da, eta, ondorioz, poliziak irudiak erabili ditzake bere ikerketetan.
Irungo bideozaintza sistema 2000. urtean hasi zen (14 kamerarekin), baina 2016tik aurrera eman du jauzirik handiena. 2015ean sistema zentrala berritu zenetik, irudi guztiak Udaltzaingoaren komisariako kontrol-zentroan zentralizatuta daude kudeaketa integralagoa egiteko.
Udaltzaingoaren flota berritzen
Kameren instalazioarekin batera, Udalak Udaltzaingoaren ibilgailu-flota indartzeko apustua ere berretsi du. Alokairu-erregimenean (renting) hiru patruila-ibilgailu jasangarri berri kontratatzea onartu da, 273.600 euroko kostuarekin lau urterako. Gaur egun, Udaltzaingoak dituen 27 ibilgailuetatik 20 jasangarriak dira (%74), kutsadura gutxiago sortzen duten teknologiekin lan egiteko konpromisoa islatuz.




