Atzo iluntzean, Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren hamaikagarren edizioaren sari banaketa ekitaldia egin zen Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan. Giro ederrean eta hunkigarrian, indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten aldeko aldarria eta literatura uztartu ziren.Ekitaldiak laguntza berezia izan zuen: Bidasoaldeko zenbait kazetarik ipuinak irakurri zituzten eta Maite Elizondok arpa soinuarekin girotu zuen saioa.
Gazteen mailan, euskarazko saria etxean geratu da. Elaia Arbelaiz irundarrak, Toki Alai ikastetxeko ikasleak, irabazi du kategoria hau ‘Nire garaipena’ izenburuko lanarekin. Gaztelaniazko gazteen kategorian, berriz, saria Bilborantz joan da: Yuri Torres izan da garailea, ‘Cuando el reloj se detuvo’ kontakizunarekin.
Helduen kategorian, aurpegi ezagunek hartu dute protagonismoa, bi irabazleek aurreko edizioetan ere saria lortua baitzuten. Euskarazko idazlanen artean, Markina-Xemeingo Iraitz Legarra suertatu da irabazle ‘Elurra doanean’ ipuinarekin; Legarrak VII. edizioan ere irabazi zuen saria. Gaztelaniazko helduen atalean, antzeko egoera bizi izan da: Madrilgo Isabel Pérez Gonzálezek irabazi du ‘Ave del paraíso’ lanarekin, VIII. edizioan ere garaile izan ostean.
Antolakuntzak eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei eta ekitaldira gerturatu zirenei. Jakinarazi dutenez, irabazleen testuak eta ekitaldiko argazkiak eskuragarri daude jada, hamaika urte hauetan lehiaketak hartu duen indarra eta kalitatea agerian utziz.



