Irungo Udalak Commerce Lab esperientziak izeneko ekimen berria aurkeztu du, martxotik maiatzera bitartean hiriko establezimenduen talentua eta kalitatea herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Doako tailerren ziklo honen bidez, hurbileko merkataritza ikusarazi, dinamizatu eta balioetsi nahi da, merkatarien eta bizilagunen arteko topagune zuzena sortuz. Programa honek udal-estrategian beste urrats bat suposatzen du, Irungo merkataritzaren nortasunarekin eta hurbiltasunarekin bat egiten duten esperientzien aldeko apustua eginez.
Nuria Alzaga lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzada eta Ekonomiaren Sustapeneko ordezkariak nabarmendu duenez, tokiko merkataritza ez da ekonomia bakarrik, gure auzoetako bizitza baita. Alzagaren ustez, goizero altxatzen den pertsiana bakoitzaren atzean hiriaren alde apustu egiten duten irundarrak daude, eta Udalaren ardura da haien talentu guztia erakusteko espazioak sortzea. Ildo horretan, Commerce Laba merkatarien eta bezeroen arteko lotura indartzeko eta berrikuntza sustatzeko tresna gisa finkatu da.
Martxotik maiatzera
Egitaraua martxotik aurrera gauzatuko da, hilabete bakoitzeko ostiral batean, 19:30ean, Serapio Mugica kaleko 8. zenbakian dagoen Commerce Lab espazioan. Zikloa martxoaren 27an hasiko da La Visionaria gaztandegiaren tailer batekin. Ondoren, apirilaren 24an, Mendibil Ardotegiaren dastatze bat egongo da, eta zikloa maiatzaren 29an amaituko da Deperita fruta-dendaren proposamen batekin. Nahiz eta hasiera batean hiru saio programatu diren, Udala lanean ari da uda ostean ekimenari jarraipena emateko eta gune hau merkataritza dinamizatzeko zentro egonkor bihurtzeko.
Parte hartu nahi duten pertsonek kontuan izan behar dute saio bakoitzean 15 lagunentzako tokia egongo dela gehienez, giro hurbila eta harreman zuzena bermatzeko. Izen-emateak doakoak izango dira, baina aurrez aurre egin beharko dira tailer bakoitza gidatzen duen saltokian bertan: La Visionaria gaztandegian, Mendibil Ardotegian edo Deperita fruta-dendan.



