Irungo Udalak, Hiri-bultzada eta Sustapen Ekonomikoko arloaren bitartez, hiriko merkataritza-sektoreari zuzendutako prestakuntza-egutegi berria jarri du martxan. Ekimen honen helburu nagusia tokiko komertzioa sustatzea eta merkatariei tresna berriak eskaintzea da, ingurune digitalera eta merkatuaren aldaketetara egokitu daitezen. Saio guztiak Commerce Lab Gunean (Serapio Mujika kalea, 8) egingo dira, eguerdi partean, denden ordutegira egokitzeko asmoz.
Nuria Alzaga Alkateorde eta Sustapen Ekonomikoko ordezkariak prestakuntza hauen izaera praktikoa azpimarratu nahi izan du: “Helburua da dendariek ikasitakoa modu azkar eta errazean aplikatu ahal izatea”. Alzagaren hitzetan, tokiko komertzioa “hiriaren bihotza” da, eta gertutasuna da bere balio bereizgarria. “Udaletik Commerce Lab bezalako gunen alde egiten jarraitzen dugu, jendea prestatzeaz gain, komunitatea sortzen dutelako eta esperientziak partekatzeko espazioa eskaintzen dutelako”, gaineratu du.
Gai-zerrenda zabala eta adituen eskutik
Ikastaroek atal teorikoa zein praktikoa uztartuko dute, eta sektoreko profesionalek emango dituzte klaseak, tartean Fernando Vergara, Gipuzkoako Ganbera, Ane Sanzberro, Giza Faktorea, Mario Echevarria, Nia Floral Art etaPixel Diseinua.
Gaiak askotarikoak izango dira. Batetik, teknologia eta kudeaketari dagokionez, Adimen Artifiziala (AA) negoziorako erabiltzen ikasteko saioak, irudien edizioa Affinity programarekin, eta fakturen kudeaketa eraginkorra. Irudia eta Komunikazioari dagokionez, produktuen argazkigintza tailerrak eta taldeko ikaskuntzarako “Giza faktorea” saioak. Azkenik, San Martzialetako jaietarako erakusleihoak apaintzeko eta lore-dekorazioa lantzeko tailerrak, baita negozfioaren jarraitutasuna ziurtatzeko belaunaldien arteko erreleboari buruzko saio praktikoak ere emango dira.
Izen-ematea zabalik
Parte hartu nahi duten merkatariek posta elektroniko bat bidali behar dute promocioneconomica@irun.org helbidera edo 943 50 53 37 / 943 50 53 35 telefono zenbakietara deitu. Mezu horretan ikastaroaren izena, parte-hartzailearen datuak, komertzioaren izena eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.
Ikastaroen xehetasunak eta egutegia
Prestakuntza-zikloa argazkigintza tailer batekin hasiko da, apirilaren 13an eta 15ean (ekainean berriz errepikatuko da, 2an eta 4an). Fernando Vergarak emango duen saio honen bidez, merkatariek Commerce Lab-eko argazki-ekipamendua erabiltzen ikasiko dute. Teknologiarekin jarraituz, Ane Sanzberrok Adimen Artifizialaren (AA) inguruko ikastaroa eskainiko du apirilaren 14, 16, 21 eta 23an, komunikazioa eta barne kudeaketa optimizatzeko tresnak irakatsiz. Bestalde, irudien edizioan sakontzeko, Pixel Diseinuak Affinity programaren oinarriak azalduko ditu apirilaren 20an eta 22an, baita ekainaren 9an eta 11n ere.
Negozioaren kudeaketa emozionalak eta administratiboak ere toki garrantzitsua izango dute. “Giza Faktorea” taldeak Giza faktorea komertzioan saioak zuzenduko ditu apirileko eta maiatzeko hainbat asteartetan (apirilak 28; maiatzak 5, 12, 19 eta 26), esperientzia pertsonaletatik abiatuta tresna emozionalak lantzeko. Arlo teknikoagoan, apirilaren 30ean, Gipuzkoako Ganberak fakturak modu erraz eta eraginkorrean kudeatzeko tailer praktikoa eskainiko du, denbora eta kontrol ekonomikoa hobetzeko asmoz.
Azkenik, Irungo jai herrikoiek eta negozioen jarraitutasunak itxiko dute egitaraua. Maiatzaren 11n eta 13an, Mario Echevarriak San Martzialetako erakusleihoak apaintzeko diseinu aholkuak emango ditu, eta ekainaren 1ean, Nia Floral Art-ek lore-tailer bat zuzenduko du dekorazioa indartzeko. Horrez gain, Gipuzkoako Ganberak belaunaldien arteko erreleboa eta negozioen eskualdaketa planifikatzeko saio berezia eskainiko du maiatzaren 21ean, tokiko denden biziraupena bermatzeko funtsezko alderdiak jorratuz.



