Irungo Udalak, Sustapen Ekonomikoko eta Hiri Bultzadako Arloaren bitartez, ‘Denda Doinuak’ ekimena antolatu du datorren maiatzaren 9rako. BidaShop eta Mugan merkatari elkarteekin elkarlanean antolatutako jardunaldi honen helburu nagusia hiriko kaleak dinamizatzea eta herritarrak bertako saltoki eta ostalaritzan kontsumitzera animatzea da. Giroa hobetzeko, Skola Musik akademiak ere parte hartuko du musika emanaldiak eskainiz.
Proposamen honen ardatza saltokiak kalera ateratzea da. Egun horretan, merkatariek aukera izango dute beren produktuak dendaren atarian erakusteko, altzari arinak erabiliz (astoak, erakusmahaiak edo esekitokiak). Betiere oinezkoen joan-etorria errespetatuz, helburua merkataritzaren eta herritarren arteko harremana hurbiltzea eta hirian giro erakargarriagoa sortzea da.
Merkataritza hurbilaren balioa
Nuria Alzagak, Sustapen Ekonomikoko eta Hiri Bultzadako ordezkariak, ekimenaren garrantzia nabarmendu du. Alzagaren hitzetan, “aurrez aurreko merkataritza ordezkaezina da eta Irungo egitura ekonomikoaren oinarria”. Ordezkariak gehitu duenez, saltoki bakoitzaren atzean irundar askoren ahalegina dago, eta ekintza hauek hiriko bizitza sozial eta ekonomikoa aberasten laguntzen dute, merkataritzaren “alde humanoa” indartuz.
Musika eta dinamizazioa
Eguna girotzeko, Skola Musik akademiak bi kontzertu eskainiko ditu leku estrategikoetan maiatzaren 9an. Goizeko 11:30etik 12:00era San Migel plazan, San Migel auzoa. Eta 13:00etik 13:30era Primitivo Azpiazu plazatxoan (erdialdea).
Ordubeteko tartea utzi da saio batetik bestera, herritarrek bi guneen arteko ibilbidea egin eta kontzertu bakoitzaz gozatzeko aukera izan dezaten, girotzea eremu bakar batera muga ez dadin.
Izen-ematea zabalik
Egitasmoan parte hartu nahi duten saltokiek dagoeneko eman dezakete izena. Horretarako, mezu bat bidali behar dute Hiri Bultzadako Arlora (promocioneconomica@irun.org helbidera), dendaren izena, helbidea eta telefono zenbakia zehaztuz. Ekimen honekin, Udalak berretsi egin du bertako merkataritza sustatzeko eta hiriari bizitasuna emateko duen apustu irmoa.



