Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak jakinarazi duenez, Carlos Blanco Aguinaga (CBA) kulturguneko IrekiART guneak ‘Denboraren makina’ erakusketa jasoko du ekainaren 3ra arte, asteazkena. Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarrak garatutako proiektu diziplinarteko eta parte-hartzaile honek hiriko espazio enblematikoenen iragana, oraina eta etorkizuna arakatzen ditu. Nuria Alzaga Kultura ordezkariak gaur aurkeztu du ekimena artistarekin batera, eta memoria, teknologia zein herritarren inplikazioa lotzeko duen gaitasuna goraipatu du.
Erakusketa-aretoan zortzi panel jarri dira, non leku bakoitzaren artxibo historikoko argazkia eta egungo irudia elkarrizketan jartzen diren. Gainera, gune horien etorkizuneko hipotesia ere erakusten da, Adimen Artifizialarekin (AA) sortutako birsorkuntzen bidez, pantaila batean proiektatuta. Argazki-kapsula hori osatzeko, herritarrentzako argazki-erretratu saioak irekiko dira, 2026ko irundarren artxibo garaikidea sortzeko. Era berean, maiatzaren 28an, osteguna, belaunaldien arteko mahai-inguru bat egingo da 18:00etan.
Herritarrentzako tailerrak
Proiektuaren baitan, herritarrei zuzendutako doako tailerrak antolatu dira AA tresnak erabiltzen ikasteko eta Irungo ikuspegi propioak diseinatzeko, aldez aurretik ezagutzarik izan gabe ere. Bertan sortutako irudiak erakusketara gehituko dira modu kolektiboan. Tailerrak maiatzaren 20an (17:30etik 19:30era) eta maiatzaren 23an (11:30etik 13:30era eta 17:00etik 19:00era) izango dira, eta parte hartzeko esteka baten bidez eman behar da izena. Estitxu Ortolaizek bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du publizitate, erretratu eta ekitaldien argazkigintzan.



