Aurten ez da nolanahiko urtea Alarde Tradizionaleko San Miguel konpainiarentzat. Konpainia historiko honek 125. urteurren borobila betetzen du aurten, mende bat eta laurdeneko ibilbide oparoa. Mendeurren handi honen aitzakian, iraganeko jaien esentzia gogoratu eta gaur egungo festen bilakaeraz gogoeta egin du Pili Gordok, gaur egun bizirik dirauen konpainiako kantinera zaharrena izaki. Pili 1962. urteko Sanmartzialetan izan zen San Miguel konpainiako kantinera, eta bere oroitzapenek gaur egungo festen gaineko lekukotza paregabea eta bizia eskaintzen dute.
Herriaren lehen konpainiaren jatorri bizia
San Miguel konpainiaren sustraiak oso sendo lotuta daude Irungo historia sozialari. 1901. urtean hartu zuen parte lehen aldiz San Martzial Alardean. Hiriaren erdigunean sortu zenez, Herriaren Lehen Konpainia bezala da ezaguna. Harrez geroztik, haren ibilbideak tradiziozko eskubide eta pribilegio berezi bat gorde du Alardearen barruan: ekainaren 30eko goizean, Tanborrada San Miguel konpainia jasotzera hurbiltzen da bere auzora, ondoren elkarrekin Urdanibia plazaranzko bidea egiteko. Hain zuzen ere, San Miguel da plaza historiko horretan sartzen den lehenbiziko konpainia. Auzoak, gainera, harrotasunez gogoratzen du XX. mendearen erdian Alardean bi konpainia izateko ohorea izan zuela. 40ko eta 50eko hamarkadetan gertatu zen hori; bigarren konpainiak RENFE izena zuen.
Pili Gordoren izena San Miguel konpainiaren historiaren parte da, 1962. urtean konpainiako kantinera izan baitzen. Irunen jaio ez arren, jaien taupada txikitatik eraman du odolean: «Ni umetan jada kantinera nintzen», gogoratzen du Pilik irribarre batekin. «Hondarribia kalean bizi nintzen, eta auzoko sanjoanetan, suak amaitutakoan, haur guztiok konpainia bat osatzen genuen gauetan. Eta ni, nola ez, beti izaten nintzen kantinera».
Ustekabeko emozioa
Gaur egungo prozedura zorrotzetik, boto-paperetatik eta hilabeteetako prestaketa handietatik urrun, 1962ko maiatzean gauzak oso bestelakoak ziren. Pili Londresen egon zen 9 hilabetez ingelesa ikasten eta maiatzaren hasieran itzuli zen etxera, hilaren 2 edo 3an. «Etxera iritsi eta bi egunera, amari deitu zioten telefonoz kantinera hautatuko nindutela esateko. Garai hartan ez zegoen gaur egungo parafernaliarik; ez zenuen zeure burua aurkeztu behar. Zuzenean hautatua zinen auzoan, eta nahi bazenuen, aurrera, eta bestela, ez. Oso hunkigarria izan zen niretzat», azaldu du.
“Lehen entsegua bizitza osoan egin izan banu bezala bizi izan nuen”
Pili Gordo, San Miguel konpainiako kantinera 1962an
Prestaketak ere askoz xumeagoak eta naturalagoak ziren garai hartan. Soinekoak eta botak udaletxeak berak uzten zituen. Hautaketa ohikoa baino beranduago egin zenez, Pilik geratzen zirenen artean aukeratu behar izan zuen: «Gaur egun bezalako opari, lore eta detaile handirik ez zegoen; asko jota, gurasoek emandako zerbait eta kitto».
Hala ere, auzoaren berotasunak dena konpentsatzen zuen. Garai hartan San Miguel gaur egungoa baino askoz txikiagoa eta gertukoagoa zen —ez Pinar, ez Anzaran eremua ez ziren existitzen—, eta denek elkar ezagutzen zuten. «Lehen entsegua bizitza osoan egin izan banu bezala bizi izan nuen. Konpainia oso familiarra zen, asko babesten zintuen jendeak. Gainera, nire mutil-laguna zena (gero nire senarra izan zena) eta lagun bat joaten ziren nirekin batera entseguetara, nire alboan».
Alarde eguneko pasadizoak
Pilik bizi izandako urteak badu leku berezi bat Irungo jaien historian: 1962koa izan zen kantineren aurkezpen ofiziala egin zen lehen urtea, gainera karroza batekin. «Gure karrozak tarta baten itxura zuen, solairuekin, oso-oso polita zen. Colón pasealekutik igaro, hainbeste jende gu txalotzen ikustea eta haien berotasuna sentitzea zoragarria izan zen. Alberto Anguera plazatik udaletxeraino joan ginen eta zuzenean udaletxeko balkoira igo ginen, aurkezpena egiteko». San Pedro egunean, berriz, ez zegoen konpainien arma ikuskapenik: «Egun hori barraketara joanez eta lagunekin kaletik ateraz pasa nuen urte hartan ere, beste edozein urtetan bezala».
Ekainaren 30eko goiza heldu zenean, Pilik pasadizo gogoangarriak eta umoretsuak bizi izan zituen. Inoiz makillatu eta ezpainak margotu gabea zenez, bere burua arraro ikusten zuen ispiluan, eta ezpainak margotu gabe irtetea erabaki zuen; bera eta bandako kantinera izan ziren salbuespen bakarrak. «San Juan plazatik jaisten ari ginela, eskuineko etxe erdi-borobil bateko balkoitik andre batek oihukatu zidan ea zergatik ez nituen ezpainak margotuta. Nik ezer gertatu ez balitz bezala agurtu nuen, abanikoa gogotsu astinduz gainera!», dio barrez.
Goizean konpainia bere bila joan zitzaioneko unea «magikoa eta deskribatzen zaila» bezala gogoratzen du. Danborrada auzoan sartzen zenean, gelditu eta pieza ugari jotzen zituen aurretik, ondoren elkarrekin San Juan plazarantz abiatzeko. Desfilearen amaieran, beste momentu bitxi bat egokitu zitzaion: «Konpainia desegitear zegoela, gizon batek txapela kendu eta lurrera bota zidan. Nik, itsusi samarra iruditu zitzaidanez nire botarekin zapaltzea, txapela saihestu egin nuen. Gero ingurukoek esan zidaten zapaldu egin behar nuela, hori miresmen keinu bat zelako!».
Denboraren igarotzea
Urteak igaro ahala, Pilik hurbiletik jarraitu du jaien eta kantineraren irudiaren bilakaera. Gaur egungo kantinerak askoz zurrunago ikusten ditu, protokolo karga, ekitaldi eta eskakizun sozial handiegi baten azpian. «Aholku bat emango banio aurtengo, 125. urteurreneko, kantinerari, naturala izateko esango nioke. Ez ditzala entzun inguruko esamesak edo zabaltzen diren zurrumurruak. Badirudi gaur egun jendea kantinerek nola agurtu behar duten irakasten saiatzen dela, besoa nola altxatu eta nola ez… Horrek ez du hainbesteko garrantzirik niretzat; desfilean barruan sentitzen duzuna adierazi behar duzu, besterik gabe. Niri jaka igotzen bazitzaidan, lasai asko jaitsi eta aurrera egiten nuen, inor begira ote zegoen kezkatu gabe».
“Irungo kantinera izan den neska oro bizitza osorako da kantinera. Lotura hori ez da inoiz galtzen”
Pili Gordo, San Miguel konpainiako kantinera 1962an
Aurten, konpainiaren 125. urteurrenean, San Migueleko kideek eta kantinera ohiek bazkari berezia egin dute jada maiatzean, ekaina iritsi aurretik dagoeneko ospakizunekin hasteko. Bertan hainbat belaunalditako emakumeak elkartu dira, tartean 1975eko kantinera, duela 50 urtekoa. Pilik argi dauka: «Irungo kantinera izan den neska oro bizitza osorako da kantinera. Lotura hori ez da inoiz galtzen».
Gaur egun, aldakako protesi baten ondorioz goizean alardea ikusteko jaikitzen ez den arren eta makulua erabiltzen duen arren, Pili Gordok arratsaldean alardea eta bere konpainia maitatua ikusten jarraituko du. Izan ere, San Miguelgo bihotzak eta jaietarako ilusioak bere horretan jarraitzen dute, auzo baten historia biziari eta 125 urteko harrotasunari betirako lotuta.



