Txilibito jole gisa hasi zuen bidea Alarde publikoan, eta, Anakako konpainiako kapitain izan ostean, jeneral kargu gorena hartzera iritsi da aurten Patxi Pérez Goñi. Erronka berri honen aurrean, ingurukoen babesa jaso duela eta talde lanaren garrantzia funtsezkoa dela nabarmendu digu irundarrak. Jantzia prest eta zaldiz ibiltzeko trebatu ostean, ekaineko egun handiak eta San Martzial jaiak ilusioz eta emozioz gainezka bizitzeko prest dago jeneral berria.
Nolako ibilbidea egin duzu alarde publikoaren barnean jeneral izatera iritsi aurretik?
Danborradan hasi nintzen txilibito gisa. Hainbat urteren ondoren, nire betiko konpainiara pasatu nintzen, Anakara, eta han kapitain hautatu ninduten. 8 urtez egon nintzen karguan, Covid-era arte. 2 urteko etenaldiaren ondoren, eskopetarekin atera nintzen konpainia berean, gaur arte.
Zer sentitu zenuen jeneral berria izango zinela jakinarazi zizutenean?
Jeneral izendatu nindutenean poz handiko momentua izan zen. Inoiz ez nuen imajinatu bera ni izan nintekeenik. Jenerala aukeratzeko, prozesu bat dago, ordenantzetan jasota dagoena, Alardearen inguruko beste hainbat kontu bezala.
“Albistea jakin zenetik zorion eta babes mezu asko jasotzen ari naiz, lagunenak, lankideenak, baita kaletik gelditzen zaidan jendearenak ere”
Albistea zabaldu zenetik, nola bizitzen ari zara zure inguruko lagun edo familiarekin urte berezi hau?
Oso pozik nago. Albistea jakin zenetik zorion eta babes mezu asko jasotzen ari naiz, lagunenak, lankideenak, baita kaletik gelditzen zaidan jendearenak ere. Familian, ilusioz beterik daude eta egun horietarako prestaketa lanak egiten.
Zer esan nahi du zuretzat Alarde Publikoko Jenerala izateak?
Ohore handia da Irungo Alardearen jenerala izatea, oso eskertuta nago Juntari, nigan jarritako aitortza eta konfiantzagatik. Atsedenik gabe lan egingo dut konfiantza hori itzultzeko eta Alardea ondo garatzeko.
Ekainean murgildu aurretik, lan handiko hilabeteak izango zenituela imajinatzekoa da. Karguaren atzetik dagoen lan ezkutu horrek harritu zaitu?
Ez nau harritu. Aspalditik parte hartzen dut Alardearen beste batzorde batzuetan, eta badakit horren atzean dagoen lan guztia, alardea antolatu ahal izateko. Ezagutzen ez nituen xehetasun asko daude, baina dagoeneko lantzen ari naiz horiek guztiak.
Ardura partekatzeko garaian inguruan lantalde on bat izatea garrantzitsua izango da, noski, ezta?
Erabat. Jende askoren ekarpena eta konpromisoa beharrezkoa da lan guztia banatzeko, bestela ezinezkoa da. Talde bikaina gara eta arrakasta guztiona da, dudarik gabe.
Aurreko jeneralek aholku lagungarririk eman dizute zure lehen urteari begira?
Pila bat! Maitek, aurreko Jeneralak, oso aholku onak eman dizkit, eta beti dago prest edozertan laguntzeko. Asko miresten dut, bere etapa bikain bete du, baina baita aurretik izan ziren jeneral guztiek ere.
Zer moduz moldatu zara zaldiarekin?
Ez nekien zaldiz ibiltzen eta ikaskuntza azkartu egin behar izan dut, baina praktika ordu askorekin eta irakasle onak izanda, uste dut prest nagoela erronka horri aurre egiteko. Dena ondo joango dela espero dut.
“Jende askoren ekarpena eta konpromisoa beharrezkoa da lan guztia banatzeko, bestela ezinezkoa da”
Zure prestaketa pertsonalei dagokienez, trajearekin ikusi zara?
Bai, dena prest daukat, ez zait gustatzen gauzak azkenerako uztea. Jantzia ez da zaldiz ibiltzeko erosoena, baina den bezalakoa da. Probatu dut eta arraro ikusten dut neure burua, egia esan, baina ikusi nautenek oso dotore nagoela diote. Hala izango da.
Jeneralarentzat San Pedro eguna ere berezia izango da. Nolakoa imajinatzen duzu egun hori?
Bai, San Pedro eguna oso berezia eta polita da, kontatzen didatenagatik. Pentsatzen dut lehen ikuskatzea lagungarri suertatuko zaidala neure burutik nerbioak pixka bat kendu eta gero hurrengo uneez gozatu ahal izateko. Oso hunkigarria izango da nire konpainiari, Anakari, errebista pasatzea, alardean egiten dugun azken ikuskatzea da eta ilusio handiz biziko dut.
San Martzial Egun osoko ibilbidetik, zein da zuk gogo handienarekin espero duzun unea eta zergatik?
Pentsatzen dut aurtengoa guztiz desberdina izango dela. Ez dut arrankada biziko, adibidez, baina San Joanetako sarrera oso berezia izango da. Beste momentu batzuk ere bereziak izatea espero dut, nire familia ibilbidean ikusten dudanean, adibidez. Asko gustatzen zait alde zaharreko kale estuetik egindako ibilbidea arratsaldeko arrankadan.
Zer esango zenieke San Martzial egunean zure agindupean desfilatuko duten gizon eta emakumeei?
Eskerrak eman eta besarkada bana emango nieke. Haien parte-hartzearekin, gure hiriko jaiak aberasten laguntzen ari dira, berdintasunarekin, tradizioarekin eta festarekin konprometituz.
“Oso hunkigarria izango da nire konpainiari, Anakari, errebista pasatzea, alardean egiten dugun azken ikuskatzea da eta ilusio handiz biziko dut”
Sanmartzialetan asko hunkitzen den horietakoa zara edo nola bizi ohi dituzu?
Bai, erraz hunkitzen naiz, ez bakarrik Alardearen egunean, ustekabeko egoerengatik aurreko egunetan ere bizitzen ditut une hunkigarriak. Pentsatzen dut San Martzial egunean, izango dudan karguagatik, zentratuago eta lasaiago egongo naizela; ez dakit, ordea.
Behin jeneral bezala lehenengo Sanmartzialak gaindituta, nola sentituko zarela uste duzu?
Pozik sentitzea espero dut, horrek esan nahiko du dena ondo atera dela eta denek egindako lan guztiak fruituak eman dituela.



