Uranzu frontoiak Sanmartzialetako jai giroan murgilduko du halterofilia ekaineko hitzordu bikoitzarekin

Bidasoa Halterofilia Taldeak hazkunde nabarmena izan du azken urteetan, neurri handi batean crossfitaren arrakastari esker, eta gaur egun 40 kide inguru biltzen ditu Irunen. Kirol honetan indarra ez ezik, teknika, oreka eta abiadura ere funtsezkoak direla azaldu dute Oier Eguiazabal eta Ruben Lago klubeko kideek. Halterofilia herritarrei gerturatzeko asmoz, ekainaren 27an Euskadiko Master txapelketa eta Sanmartzialetako Trofeoa antolatuko dituzte Uranzu frontoian, doako sarrerarekin.

Klub txiki bezala hasi zineten, baina pixkanaka handitzea lortu duzue, ezta?

Ruben: Nik uste dut crossfitak eragin handia izan duela honetan, halterofilia crossfitaren arlo handi bat delako. Nik uste jendea crossfita probatu ondoren, hona gerturatu dela.

Oier: Esango nuke, crossfita ezegun egin arte, Gipuzkoan halterofilia egiten zuen jende eta talde gehiago zeudela. Kopuru horiek pixkanaka jaisten joan ziren eta orain crossfitari esker goraka doa berriro. Crossfitean halterofilia mugimenduak egiten direnez, horiek gustuko dituen jendea, teknika hori hobetu nahian etortzen da.

“Gainera, frontoia beteta dagoenean, niretzat errazagoa da lehiatzea, animoak iristen zaizkizulako”

Ruben Lago, Bidasoa Halterofilia Taldea

Indarraz gain, kirol honetan gauza gehiago ere lantzen dira, ezta?

Ruben: Indarra arlo ezberdinetan landu daiteke eta horietako bat potentzia da, hau da, indarra bizkor aplikatzeko gaitasuna. Halterofilian hori da gehien lantzen dena. Horretaz gain, oreka, indar garbia edo abiadura lantzen dira. Halterofilian hasten garenean ia lehen urte osoa teknika ikasten ematen dugu eta ikasketa hori ez da inoiz bukatzen.

Oier: Oreka eta teknika oso garrantzitsuak dira, indarra baino gehiago agian, gero ariketa benetan ondo egin ahal izateko. Horregatik beroketa ariketak oso garrantzitsuak dira, noski, eta gero teknikaren lanketari ere lehentasuna ematen diogu, indarra lantzen hasi aurretik. Teknika aldetik beti dago hobetzeko zerbait, baita mugimendu txikienean ere.

Teknika ondo menperatzea ere garrantzitsua izango da lesioak saihesteko

Oier: Halterofilian uste dena baino lesio gutxiago gertatzen dira. Mugimendu bat gaizki eginez gero, barra zure gorputzaren aurrean edo atzean geratuko da, eta beraz, erortzen uzten duzu, eta ez da ezer gertatzen. Horrela, gaizki egin arren, zu babestea lortuko duzu.

Nola antolatu duzue aurtengo ikasturtea?

Oier: Lehenik eta behin Nazioarteko Federazioak bere txapelketak jartzen ditu. Hori ikusita, Europar Federazioak hilabete lehenago bere hitzorduak finkatzen ditu eta berdin egiten dute Espainiako, Euskadiko eta, azkenik, Gipuzkoako federazioek, txapelketak hilabeteko tartearekin antolatzeko. Guk txapelketa gehienak Gipuzkoan jokatzen ditugu eta, aukeratuak garenean, Euskadira goaz. Adibidez maiatzean Euskadiko Txapelketa Absolutuan lehiatuko diren zenbait kirolari izango ditugu. Gipuzkoako Federazioko txapelketan, bai neskekin zein mutilekin, bigarren postua lortu genuen eta Gipuzkoako talde txapelketan berriz, mutilak bigarren izan ziren eta neskak hirugarren.

Ruben: Ez da ahaztu behar urtean lehiaketa pila bat dagoela lehiatu nahi duten horientzat, baita masterrentzat ere, 35 edo 40 urtetik gorakoentzat. Adibidez, klubean badugu 62 urteko gizon bat halterofilia praktikatzen duena, mundu mailan oso ondo dabilena. 13 urtetik beherakoak berriz, teknika lehiaketetan aritzen dira, haien kasuan helburua ez delako ahalik eta pisu gehien altxatzea.

Beraz, halterofilia bakarkako kirola izateaz gain, taldean ere lehiatzen zarete?

Oier: Bakoitza bere buruaren eta indarren aurka lehiatzen da berez, txapelketatik txapelketara emaitzak hobetu nahian, kirolarien artean kidetasun sentimendua ere sortzen da. Hau da, inguruan ditugunak ere hobetzen ikusi nahi ditugu, beraz, giroa oso ona da.

Ruben: Taldeko lehiaketak hasten direnean, 5 kirolari batera lehiatzen dira eta emaitza denek altxatutako pisuen batuketa da. Halterofilian 3 saiakera dauzkagu bakarrik eta bakoitzean 2 mugimendu dauzkagu, beraz, guztira 6 saiakera dira. Bakarrik ari zarenean saiakerek ez dute hainbesteko garrantzirik, baina taldean ezin dituzu hainbeste huts egite egin, beraz, pisu gutxiagorekin atera ohi zara. Estrategia handia eskatzen duten txapelketak dira taldekoak, beraz, politak iruditzen zaizkit.

Bakoitza bere buruaren aurka lehiatzeak dakarren presioa nola kudeatzen da?

Oier: Halterofilia oso muturrekoa da, pisua altxatzea lortzen duzulako edo lortzen ez duzulako, eta noski, egun on eta txarrak daude. Alde horretatik kirol arraroa da, oreka hori bilatzen saiatu behar zarelako. Batzuetan apur bat inkontzientea izan behar zara guk egiten duguna egiteko: altxa dezakegun pisu gehiena hartu eta gure buruaren gainean jartzeko.

Ruben: Hona gatozen guztiak motxila batekin etortzen gara kanpotik eta motxila hori kanpoan uzteko gai ez bazara, horrela ez zoaz inora. Besteetan, aldiz motxila arinagoa da eta denak pisu arinagoa duela sentitzen duzu bat-batean.

Zuek ere zuen txapelketa propioak antolatzen dituzue eta horietako bi ekainean egingo dira. 

Oier:  Txapelketetan bakoitzak Rubenek azaldutako 3 saiakera ditu abiadan eta 3 altxatze bultzatze saioan, eta puntuazioan haien batura egiten da. Ekainean Euskadiko Master txapelketa antolatuko dugu eta Sanmartzialetako Trofeoa. Bi txapelketa horiek batera egingo ditugu, beraz, txanda berdinean txapelketa ezberdinetan lehiatuko den jendea egongo da elkarrekin.

“Aurten txapelketa ekainaren 27an izango da, egun osoan zehar, Uranzu frontoian eta sarrera doakoa da”

Oier Eguiazabal, Bidasoa Halterofilia Taldea

Ruben: Txapelketa honen alderdirik politena da jaien erdian egiten dela. Beraz, behin txapelketa amaituta, gero denak elkarrekin festaz disfrutatzeko eta elkarrekin zerbait hartzeko ohitura dugu, Sanmartzialetan murgilduz. Gainera, sarrera doakoa da eta aitzakiarekin jendea gerturatzen da, hain ezaguna ez den kirol hau ezagutzeko. Izan ere, gaur egungo gizartean ez da ezagunegia eta, niri pertsonalki, Irunen kirol hau gehiago ezagutzea gustatuko litzaidake. Zenbat eta gehiago animatu kirol hau probatzera eta praktikatzera, hobeto. Gainera, frontoia beteta dagoenean, niretzat errazagoa da lehiatzea, animoak iristen zaizkizulako.

Oier: Ez bakarrik gure kirola delako, baizik eta halterofilia gizarteari beste aisialdi aukera bat eskaintzeko modua delako, bereziki, gazteriari. Aurten txapelketa ekainaren 27an izango da, egun osoan zehar, Uranzu frontoian eta sarrera doakoa da, beraz, mundu guztia dago txapelketa ikustera gonbidatuta. Gainera, ez duzu zertan egun osoa bertan igaro; arratsaldean publikoa erakartzea errazagoa da edo maila handiko kirolariak lehiatzen diren orduetan.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude