Irungo Udalak, Bidasoa bizirikekin lankidetzan, udaletxera hurbiltzeko bisita gidatuen ziklo berria abiatuko du larunbat honetan, maiatzaren 30ean. Hiriko ondare historiko eta instituzionalari balioa ematea helburu duen ekimen hau hileko azken larunbatetan burutuko da, maiatzetik azarora bitartean. Parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman beharko dute izena 943 020 732 telefono zenbakira deituta edo Luis Mariano lorategietan dagoen turismo bulegora joanda.
Egun bakoitzean bi txanda eskainiko dira: lehena 11:30ean euskaraz izango da, eta bigarrena, berriz, 12:30etan gaztelaniaz. Bisita guztiak doakoak izango dira eta ordubete inguruko iraupena izango dute. Taldeen topagunea San Juan Plaza izango da, eta bertatik hasiko da ibilbidea udaletxeko barruko bulego eta espazioak ezagutzeko.
Irungo udaletxea
Irungo udaletxea herriko eraikinik enblematikoenetako bat da eta estilo barrokoari jarraituz eraiki zen. Lanak 1756an hasi ziren Fernando VI.a zela errege, eta 1763an inauguratu zuten Karlos III.aren erregealdian; hain zuzen ere, haren bustoa ageri da ate nagusiaren gaineko medailoian. Obra Felipe Crame ingeniariak (Donostiako gotorlekuko komandanteak) proiektatu zuen. Garai hartan, Domingo de Olazábal y Ramerí zen Udal Kontzejuko burua eta, behin Irun Hondarribitik behin betiko independizatuta (1766an), hiriko lehenengo alkatea bihurtu zen.
Historia instituzionalaz gain, bisita-gidatuek eraikinaren elementu arkitektoniko eta artistiko aipagarrienak ezagutzeko aukera emango dute. Horrela, bertaratzen direnek gela nagusiak bisitatu ahal izango dituzte, eta xehetasun bereziak zein pasadizoak entzungo dituzte, hala nola beirateen historia, sarrerako kanoien jatorria eta interes artistiko nabarmena duten obrez osatutako Udalaren pinakoteka preziatua.



