Osasun Bidasoa herritarren plataformak ohartarazi du Bidasoko larrialdi-arreta kolapsatzeko arrisku larrian dagoela eta osasun publikoak narriadura kezkagarria jasaten ari dela. Osakidetzak agindutako hobekuntzak bete ez izanak eta osasun-arreta antolatzeko erakutsitako ezintasunak ezinegon handia sortu dute herritar zein profesionalen artean. Egoera honen aurrean euren desadostasuna adierazteko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari benetako konponbideak eskatzeko, plataformak herritarren eta profesionalen elkarretaratzera deitu du datorren ekainaren 13an, 19:00etatik 19:30era, Irungo Zabaltza plazan.
Urtebete baino gehiago igaro da Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxi zirenetik, eta Osakidetzak Irungo Erdialdeko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) indartzeko zein anbulatorioetako pediatria-ordutegia luzatzeko emandako hitza erabat bete gabe dago. Kudeaketa txarrak eta profesionalekiko errespetu faltak pediatria-arreta minimoetan egotea eragin du, eta gaur egun Bidasoa da Gipuzkoan guardiako pediatrarik ez duen ospitale bakarra. Testuinguru honetan, ospitaleko larrialdi-zerbitzuko medikuen gehiengoak (22tik 17k) eta Irungo Erdialdeko EAGko profesionalen ia osotasunak (19tik 17k, mediku, erizain eta zeladoreen artean) lan-baldintza prekarioak eta zerbitzua erortzeko arriskua salatu dituzte publikoki.
Lan-karga jasanezina
Irungo Erdialdeko anbulatorioan dagoen EAGak lan-karga izugarria jasaten du 1954an martxan jarri zenetik. Astelehenetik ostiralera bitartean egunero 50 eta 60 larrialdi mediko artean artatzen ditu, eta asteburu zein jaiegunetan kopuru hori 120 baino gehiagora igotzen da. Pediatriako larrialdiak ospitalean itxi zirenetik, zentro honek 3 urtetik beherako haurren larrialdi ugariri egin behar die aurre, instalazio zaharkituetan eta espazio eskasarekin. Ondorioz, lan-karga handieneko uneetan paziente bakoitzari eskaintzen zaion denbora 10 minututik beherakoa da beti, eta askotan 6,5 eta 7 minutu artekoa baino ez da, arretaren kalitatea eta segurtasuna arriskuan jarriz.
Egoeraren narriadura ez da larrialdietara mugatzen, beste funtsezko zerbitzu batzuetara ere zabaltzen baita. Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko zerbitzua psikiatrarik gabe geratu zen 2025aren hasieran, eta gaur egun astean lau egunez baino ez dago psikiatra bat, erizainik gabe eta konfidentzialtasuna babesten ez duten insonorizazio gabeko kontsultetan. Gainera, espezialitate-kontsultetarako eta proba diagnostikoetarako itxaron-zerrendak kezkagarriak dira: Traumatologiako lehen kontsultarako sei hilabetetik gora itxaron behar da, eta Otorrinolaringologian zehar 100 egunetik gora. Plataformak salatu du Arnasketa-aparatuaren edo Neurologiaren kasuan datuak desitxuratu egiten direla, eskaera erantzundakoan jotzen baita eskaria artatutzat, nahiz eta pazientea oraindik ikusi gabe egon.
Arretaren pribatizazioa eta deialdia
Azkenik, Osasun Bidasoak gogor kritikatu du kontsultak, ekografiak eta ebakuntza kirurgikoak (protesiak eta kataratak, esaterako) Gipuzkoako zentro pribatuetara bideratzeko politika. Plataformaren arabera, paziente batek zentro pribatu batean artatua izateari uko egiten badio, Bidasoa Ospitalean ebakuntza-data ezin zaiola bermatu ohartarazten zaio. Gainera, zentro pribatuetan operatu direnen jarraipena ez da behar bezala planifikatzen eta familia-medikuen bizkar uzten da.
Horregatik guztiagatik, kudeaketa txarra zerbitzuak itzaltzeko aitzakia izan ez dadin, plataformak Bidasoko eta Bortzirietako herritarrak ekainaren 13ko mobilizaziora biltzera deitu ditu, kalitatezko eta gertuko osasun arreta publiko baten alde.



