Cristina Laborda Irungo alkateak eta Goizane Álvarez Kiroletako foru-diputatuak IAM (Irungo Areto Moldakorrea) eraikitzeko proposamen berri bat aurkeztu dute gaur goizean, 2026ko ekainaren 5ean. Alderdiek hilabeteak eman dituzte proiektua birdefinitzen eta aztertzen, faktore ekonomikoak, funtzionalak eta kirolarekin lotutakoak kontuan hartuta, hiria azpiegitura estrategiko eta bideragarri batez hornitzeko asmoz. Planteamendu berri honek IAM erreferentziazko ekipamendu bihurtzeko asmoari eusten dio, baina erantzukizun instituzional eta finantzarioz jokatuz, neurriak, erabilerak eta eredu ekonomikoa goitik behera berrikusi dira hiriaren egungo beharrei erantzuteko eta haren garapena errazteko.
Helburu nagusietako bat hiriaren egungo eta etorkizuneko kirol-beharrei erantzutea da, bereziki Bidasoa kirol klubari dagokionez. Eskubaloiko talde erreferentzial hau nabarmen hazi da azken urteotan kirolari zein gizarte-masari dagokionez, eta bere errealitatearen zein helburuen araberako instalazioak behar ditu. Gurutz Aguinagalde CD Bidasoako presidenteak adierazi duenez, klubak duela zazpi urte helarazi zuen behar hori, eta hazkundea dela eta, azpiegituren premia larria dute. Aguinagaldek gaineratu du erakunde guztien arteko akordioak lortzea beharrezkoa dela eta proposamen berri hau klubarentzat albiste bikaina denez, erakundeei lanean jarraitzeko eskatu die.
Proposamen berriak kirol-jarduerak, azokak, kongresuak, kontzertuak eta ekitaldi handiak espazio bakar batean biltzeko gai den azpiegitura bat definitzen du. Aurreko proposamenetan ez bezala, IAM egungo erakustazokan integratuko da, Ficobaren luzapen natural gisa eta egungo pabiloiekin zuzenean lotuta. Konponbide honek multzoaren funtzionaltasuna indartuko du eta tamaina handiagoko kultur azokak, kongresuak, feriak eta kirol-ekitaldiak erakartzeko Irunen gaitasuna handituko du.
Pabiloiaren barne-konfigurazioa moldakorra izango da eta bi erabilera nagusi izango ditu. Kirol-ekitaldietarako konfigurazioan, pabiloiak 5.600 ikuslerentzako lekua izango du, goiko eta beheko harmailen eta palkoaren artean banatuta, CD Bidasoaren partidetarako eta beste kirol-ekitaldietarako egoitza egokia eskainiz. Gainera, pista hirutan banatzeko aukera egongo denez, hainbat diziplina eta klubek aldi berean erabili ahal izango dute. Bestalde, kontzertuak, azokak eta ekitaldi handiak hartzeko, espazioak 9.000 pertsonarentzako tokia eskainiko du hainbat modutan antola daitezkeen harmaila jasogarrien bidez, jardueraren arabera espazioa ahalik eta hobekien aprobetxatzeko. Azpiegitura honek hiriarentzako itzulkin ekonomiko, turistiko eta sozialak sortuko ditu, ostalaritzan, merkataritzan, garraioan zein zerbitzuetan inpaktu zuzena eraginez eta Irunen kanpoko proiekzioa handituz.
Bideragarritasuna eta finantzaketa
Proiektua birdefinitzean, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa izan da helburu nagusia, diseinua eredu jasangarriago batera egokituz. Beharrezko inbertsioa 40 eta 42 milioi euro artean zenbatetsi da, BEZik gabe; guztira, beraz, 52 milioi euro inguru beharko dira. Azterketen arabera, kiroletarako bakarrik erabil daitekeen instalazio baten eta erabilera anitzeko honen artean bi milioi euro inguruko aldea dago inbertsioari dagokionez. Esfortzu gehigarri horrek espazioaren erabilera-aukerak nabarmen handitzen ditu eta etorkizuneko jasangarritasuna indartzen du.
Proposamenak finantzaketa inplikatutako hiru erakundeen artean banatzea planteatzen du. Hitzartutako banaketaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro jarri beharko lituzke, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste 20 milioi euro, eta Irungo Udalak, bere aldetik, 12 milioi euroko ekarpena egingo luke. Behin proposamen tekniko definitua eta ekonomikoki bideragarria eskutan izanda, erakundeen konpromisoa lortzeko faseari ekingo zaio.
Goizane Álvarezek adierazi du proposamen berriak oinarri sendo eta errealista baten gainean aurrera egiteko aukera ematen duela, eta Aldundiak azpiegitura honekin duen konpromisoa berretsi du. Álvarezek gaineratu duenez, Gipuzkoan gizonezkoen eskubaloia sendotzeko beharrezkoa den azpiegitura baten aurrean gaude, CD Bidasoa buru duena, eta ohartarazi du etxean Europako txapelketak jokatzeko espaziorik gabe ez dagoela Irungo klub honen hazteko gaitasunik, ezta Gipuzkoako eskubaloiaren trakziorako gaitasunik ere.
Azkenik, Cristina Laborda alkateak azken hilabeteotako lana goraipatu du, hiriaren gainerako beharrekin bateragarria den proposamen errealista eta dimentsionatu bat lortu delako. Labordak adierazi du gaur egun Irunek proposamen birdefinitu eta bideragarri bat duela IAM errealitate bat izan dadin eta kontua orain jada ez dela zein den proiektua, baizik eta zenbaterainoko konpromisoa duten erakundeek proiektu hori egia bihurtzeko. Alkateak konfiantza agertu du erakunde guztien borondatean, hiriak merezi eta behar duen pabiloi bat delako, eta amaitzeko azpimarratu du IAM errealitate bihurtzea bezain garrantzitsua dela hiriak behar dituen gainerako proiektuetan ere aurrera egitea.



