6 enpresek proposamenak aurkeztu dira Oinaurre auzoan osasun-zentro berria eraikitzeko proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko zabaldutako lizitaziora. kontratua udazkenaren hasieran sinatzea aurreikusten da, behin eskaintza tekniko zein ekonomikoen balorazioa amaitutakoan. Erakunde publikoek 11,8 milioi euroko inbertsioa egingo dute azpiegitura berri honetan, eta obrak 2027aren amaieran hasiko dira bi urteko egikaritze-epearekin. Zentro berria Arrabatenea kalean kokatuko da, 7.200 metro koadroko lurzati batean, eta 3.500 metro koadro inguruko azalera eraikia izango du Belaskoenea, Elitxu-Lapize, Urdanibia herrixka, Anaka eta Bentak auzoetako 24.700 herritar ingururi zerbitzua eskaintzeko.
Ekipamendu berriaren Plan Funtzionalak arreta-eremu anitzak biltzen ditu, herritarren osasun-premiei modu integralean erantzuteko. Ama-umeen eremuan 10 kontsulta egongo dira medikuntza pediatriko, erizaintza, emagina eta ginekologia zerbitzuekin; familiako medikuntzak, berriz, 27 kontsulta izango ditu familiako medikuntzarako, erizaintzarako zein komunitateko erizaintzarako. Horrez gain, erabilera anitzeko 4 kontsulta bideratuko dira proba funtzionaletara, sendaketa-gelara, larrialdietara eta odola ateratzera, eta kanpo-kontsulten eremuan optometriarako zein erabilera anitzeko beste 4 gela egokituko dira. Espazioaren zabaltasunari esker, Lehen Mailako Arretaren estrategian jasotako profesional berriak ere barneratuko dira, hala nola optometristak, psikologoak, fisioterapeutak, kronikotasuneko erizainak eta ospitaleko espezialistentzako balio anitzeko kontsultak.
Bidasoko ESIaren eraldaketa
Oinaurreko osasun-zentro berria eraikitzea Bidasoko ESIaren 2025-2035 Gida Planaren barruan kokatzen da, eskualde osoko osasun-sarea modernizatu eta eraldatzeko helburuarekin. Ekipamendu honekin batera, Osakidetza beste bi azpiegitura garatzen ari da Irunen: batetik, Alarde kaleko errefortzu-zentro berria, zeinaren obrak uztailean hasi diren behin-behinean pediatria zerbitzua hartzeko; eta bestetik, Irun Berria osasun-zentro berria, 1954an eraikitako Irun Erdialdeko anbulatorio zaharra ordezkatuko duena. Bi zentro berri hauek indarrean jartzean anbulatorio zaharra itxi egingo da, eta 1994an eraikitako Dunboako zentroak zerbitzua ematen jarraituko du. Azkenik, Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berriaren eraikuntza-lanak ere martxan daude, 23 milioi euroko inbertsioarekin eskualdeko ospitale-arreta erabat berritzeko.



