Pikoketan fusilatutako pertsonak gogoratuko dituzte bihar, haien heriotzaren 90. urteurrenean

Irungoko Udalak omenaldi ekitaldia antolatu du bihar asteartea, abuztuak 11, Pikoketan fusilatutako pertsonei aitortza egiteko, gertaera haien 90. urteurrenean. Ekitaldia 12:00etan egingo da Blaiako hilerrian, eta herritar guztiei irekita egongo da. Bertan, lore-eskaintza egingo da omendutakoen gorpuzkiak dauden panteoiaren gainean, eta minutu bateko isilunea gordeko da biktima guztien oroimenez.

Duela 90 urte, 1936ko abuztuaren 11n, Beorlegui koronelaren tropa kolpistek ustekabean harrapatu eta bertan fusilatu zituzten Pikoketa baserriaren inguruan zaintza-lanak egiten ari zen Irungo Gazte Komunisten garnizio txiki bat eta hainbat karabinero. Gutxienez 20 pertsona erail zituzten gupidarik gabe; gehienak oso gazteak ziren, hala nola Mertxe López Cotarelo (16 urte), Bernardo Usabiaga (17 urte), Pilar Vallés (18 urte) edota José María Arruti (18 urte), hainbat karabinerorekin batera. Azken urteetan, ikerketei esker, zerrenda horretara Miguel Lorenzo Pascual eta “Chato” deitutako biktimak ere gehitu dira.

Frankismoaren diktadura osoan zehar haien gorpuzkien berririk izan ez ondoren, 1976an Marcelo Usabiagak (fusilatutako Bernardo Usabiagaren anaiak) Pikoketako biktimak bilatzeari ekin zion. Hobi komuna 1978an aurkitu eta gorpuzkiak hobitik atera zituzten; urte bereko abuztuaren 2an egin zitzaien lehen omenaldia. Harrezkero, urtero antolatzen dira oroimen-ekitaldiak bai hilerrian bai Pikoketan bertan, frankismoak eragindako biktima guztien egia eta memoria bizirik mantentzeko asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude