Irungo Udalak 2026ko ‘Iñigo Muguruza‘ Musika-Ikerketa Beka jarri du martxan, eta eskaerak aurkezteko epea datorren abuztuaren 18an amaituko da, joan den ekainaren 19an ireki ondoren. 9.000 euro gordineko laguntza eskaintzen duen deialdi honek herri-musika modernoaren eremuan ikerketa eta ekintza proiektuak garatzea du helburu, azken lau hamarkadetako euskal musikaren testuinguruan sakonduz. Parte-hartzea unibertsitate-gradua edo lizentziatura duten norbanako zein lantaldeei irekita dago.
Ikerlanen xedea hainbat arlotara bideratu daiteke, hala nola musika taldeak, interpretatzaileak, gai musikalak, biografiak, errepertorioak, material didaktiko nahiz pedagogiko berrien sorkuntza, edota eragin soziologikoa eta ekonomikoa. Eskaerak telematikoki izapidetu daitezke Irungo Udalaren egoitza elektronikoan ziurtagiri digital baten bidez, edo aurrez aurre Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), San Martzial kaleko 2. zenbakian.
Parte-hartzaileek gehienez 15 orriko txosten-laburpena aurkeztu beharko dute, bertan izenburua, kontzeptua, helburuak, metodologia, kronograma eta baliabideak azalduz. Lantaldeen kasuan, kide bakoitzaren konpromisoak eta bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere zehaztu beharko dira. Memoria idatziaz gain, bereziki baloratuko da proposamenari laguntzen dion ikusizko zein entzunezko material osagarria.
Ikerlanak gehienez zortzi hilabeteko iraupena izango du esleipena egiten denetik, eta amaierako emaitza formatu askotarikoetan aurkeztu ahal izango da. Laguntza hiru fasetan ordainduko da: % 40 beka ematean aurreordainketa gisa, beste % 40 lau hilabetera egindako lanaren azalpen-txostena aurkeztutakoan, eta gainerako % 20a amaieran. Lan originalak eta lehenago argitaratu gabeak aurkeztu behar dira. Jabetza intelektuala egilearena izango den arren, edozein argitalpenetan Udalaren beka berariaz aipatu beharko da, eta Irungo Udalak lanak zatika zein osorik argitaratzeko, ustiatzeko, erakusteko eta erreproduzitzeko eskubideak gordetzen ditu, bere baimena ezinbestekoa izanda edukiak erabili ahal izateko.



