Irungo Udalak 2026ko Ribera Beka irabazi duten proiektuak iragarri ditu

Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak 2026ko Ribera Beka irabazi duten bi proiektuak aurkeztu ditu gaur. Beka honen helburua gizarte-zientzien eta artearen esparruan ikerketa-ekintzako proiektuak sustatzea da, betiere tandem formatuan lanean arituz. Aurtengo edizioan, irabazleek 11.250 euroko zuzkidura jasoko dute proiektu bakoitzeko —aurreko urteetan baino gehiago— eta bederatzi hilabeteko epea izango dute lanak garatzeko.

Lehenengo proiektu irabazleak, “Kafe kikara batean” izenekoak, Francisco Marise eta Eider Rodriguez ditu autore. Dokumental baten bidez, Irungo memoria aztertuko dute Porcelanas Bidasoaren piezak kontserbatzen dituzten pertsonen bizi-istorioetatik abiatuta. Etxeko objektuek memoria gordetzeko duten gaitasuna baliatuz, gehienbat emakumeen kontakizunak jaso nahi dituzte, familia-errituen eta inkontziente kolektiboaren inguruko gogoeta bultzatuz.

Bigarren proiektua, Jon Abrilek eta Asier Gogortzak aurkeztutako “Bidasoko Toponimia ttikia” da. Lan honen xedea Bera eta Hondarribia-Hendaia arteko Bidasoaren toponimia txikia biltzea da, argazki-bilduma batekin osatuz. Galtzeko arriskuan dagoen toponimia berreskuratzeaz gain, herritarren eta ibaiaren arteko harremana belaunaldiz belaunaldi nola aldatu den arakatu nahi dute, toki horien garrantzia eta erabilera jasoz.

Ribera Beka

Ribera Beka 2016an sortu zen eta aitzindaria izan zen antropologia eta artea bezalako diziplinak uztartzeko planteamenduagatik. Urte hauetan guztian, beka hauek familia-eremuko historia eta esperientziak gizarteratzen lagundu dute, zapalduen antzerkia, eskultura edo performancea bezalako diziplina artistikoen bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude