Oiasso %64 hazi zen 2021ean eta jada aurtengo egitaraua aurkeztu du

Irungo Udaleko Kultura Arloak Oiasso Museoaren 2022ko jardunari buruzko datuak eman ditu. Oro har, kopuru onak dira, bisitak eta Museoak antolatzen dituen jarduera askotako parte hartzea nabarmen suspertu direla adierazten baitute. Zehazki, 2021ean, guztira, 18.876 bisitari eta erabiltzaile izan zituen Museoak, % 64 gehiago aurreko urtean baino.

Joan den urtean, berriro ere ia ohiko jarduera guztiak antolatu zituen Oiassok, unean-unean ezarritako neurri sanitarioei jarraituz betiere. Bereziki, Irugurutzetako meategi eta labeen bisitari eta erabiltzaileen kopurua handitu zen (% 207), baita Ama Xantalen nekropolikoena (% 104), Museoak antolatutako ikastaro eta hitzaldietako parte hartzaileena (% 76) eta Museoaren bilduma iraunkorraren bisitariena (% 74). Alde horretatik, mugikortasunaren, edukieren eta, bereziki, bisita gidatuetako parte hartzaileen kopuruaren murrizketetan izandako aldaketak funtsezkoak izan ziren Museoaren emaitzak hobetzeko.

Kultura Arloak nabarmendu duenez, “hiriko kultur ekipamendu nagusietako bat da Oiasso, eta bere jardun guztia egungo egoerara egokitzeko lan handia egin du. Joan den urtean berriro ere ekimenik berezienetako batzuk antolatu izana eta bisitari eta erabiltzaileak itzuli izana oso berri onak dira, eta gure ondare historikoa sustatzen jarraitzeko bidean hurrengo erronkei aurre egiteko ilusioa eta itxaropena ematen digute”.

Horrela, aipatzekoa da joan den urtean Dies Oiassonis jaialdiaren XI. edizioa egin ahal izan zela. Antzerki klasiko greko-latindarraren erakustaldia izan zen, eta Irungo ostalari eta merkatariek funtsezko laguntza eman zuten. “Espero dugu datozen urteetan pandemiaren aurreko azken edizioetako ezaugarriak eta formatua izan ahalko dituela jaialdiak”, azaldu dute Oiassoko arduradunek.

Oiasso Museoak optimismoz begiratzen dio 2022ari, eta espero du susperraldiaren bidean aurrera egiten jarraitu ahalko duela, baditu-eta etorkizunerako proiektuak, hala nola termak erakusteko moduan egokitzea; gainera, duela gutxi iragarri zenez, Europako Funtsen ekarpenak jasoko ditu proiektu horrek, Euskadiko Turismoaren Jasangarritasuneko Lurralde Planaren barruan.

Lehenengo jarduerak

Urte hasieran, hainbat jarduera antolatuko ditu Oiasso Museoak. Urtarrilaren 11n, asteartearekin, “Camino de Santiago, se hace camino al andar. Historia, arqueología, arte, leyendas y mitos jacobeos” ikastaroaren bigarren moduluan izena emateko epea hasiko da. Oraingoan, ikuspuntu arkeologiko eta historikotik aztertuko da Donejakue bidea, gaztelaniaz: nolakoa zen Galiziako ingurunea tradizioaren arabera apostoluaren gorpua bertara iritsi zenean; ikastaroaren lehenengo atalean aztertu ez ziren bideak, hala nola iparraldekoa; eta gutxi ibiltzen diren edo lehengoratze prozesuan dauden beste bide batzuetako historia eta aurkikuntza arkeologikoak. Gainera, zenbait adituk gai hurbil eta ez oso ezagunetan sakonduko dute, hala nola Irunen eta Bidearen arteko harreman estuan eta Iruñeko elizbarrutiaren buru izandako emakumezko apezpiku baten kasuan.

Otsailetik maiatzera bitartean emango dira eskolak, bi txandatan: astearteetan, otsailaren 8tik maiatzaren 10era bitartean, 18:00etatik 19:00etara, eta ostegunetan, otsailaren 10etik maiatzaren 12ra bitartean, 11:00etatik 12:00etara; guztira, hamabi saio txanda bakoitzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktore Jokin Lanz Beteluk emango du ikastaroa, Aitor Puche doktorearekin eta Aizpea Goenaga zinemagile, aktore eta idazlearekin batera: hurrenez hurren, “Las rutas jacobeas por Irun” eta “Doña Sancha: una mujer obispo dirigiendo la diócesis de Pamplona” eskolak emango dituzte gonbidatuek.  Toki kopurua mugatuko da, eta, aurrez aurreko eskoletan, maskara erabili beharko da nahitaez, distantzia utziko da pertsonen artean, eta gel hidroalkoholikoa banatuko da, eskuak garbitzeko; gainera, ikastaroa emateko erabiltzen den aretoa aireztatuko da. Izena emateko, Oiasso museoko harrera lekura jo beharko da, edo 943639353 telefono zenbakira deitu eta tokia erreserbatu. Ikastaroaren prezioa 65 euro da, eta honako hauek hartzen ditu barnean: ordubeteko hamabi eskola, ikastaroari buruzko informazio praktikoa emateko dosier bat eta eskola bakoitzaren ondoren banatuko den laburpen bat.

Bestalde, Mertxe Tranche ikertzaileak dinamizatzen dituen literatur tertulietan lehena otsailaren 28an izango da, astelehenarekin, 19:00etatik aurrera, eta laster hasiko da izena emateko epea. Lehen saiorako aukeratutako obra El asesinato de Sócrates da, Marcos Chicotena, zeina urtarrilaren 11etatik aurrera museoan bertan erosi ahalko den 10,95 euroan.

El asesinato de Sócrates nobela erakargarriak gure historiako arorik zirraragarrienetako bat irudikatzen du, maisuki irudikatu ere, Grezia klasikoa, non Sokrates paregabea gailentzen den, gizadiaren historian mugarri izan zen filosofoa, eta, 2016an, Planeta sarirako finalista izan zen. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da, museoan bertan edo 943639353 zenbakira deituta. Edukiera mugatuko da, maskara erabili beharko da nahitaez, eta eserlekuen banaketak distantzia fisikoa errespetatuko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude