Irun inoiz ikusi gabeko Gabonen ekuatorean dago

2021. urtearen amaieran eta 2022. urtearen hasieran, Irun Eguberrien ospakizunetan murgilduta dago. Aurtengoan, pandemiaren eragina tarteko, hiria Gabon ezohiko batzuk ospatu ahal izateko egokitu behar izan da berriro. Covid-19aren intzidentzia tasa altuek eraginda, San Tomas eguneko ospakizunak bertan behera geratu ziren.

Hala ere, aurten Olentzerok Irungo kaleak zeharkatzeko aukera izan du eta datozen egunetan Errege Magoek berdina egin ahal izatea espero da. Bien bitartean, hiria girotzeko hainbat ekintza egin dira Irunen. Esaterako, Ficoba izotz pistan, Sarjia parkeko Eguberrietako herrixkan, Zabaltza plazako merkatuan, Pio XIIko Txirrista erraldoian eta hiriko beste hainbat kale eta auzoetan. Izan ere, osasun testuinguru bereziak baldintzatuta bada ere, Irun Eguberrietako hiriburu bihurtu nahi izan du Irungo Udalak, hiriko elkarte eta entitateen laguntzarekin.

Azken egunetan egindako ekintzen argazkiak jarraian ikusi ditzakezue. Dena den, Gabonak amaitu ez direnez, datozen egunetan egitekoak diren hainbat ekintza ere proposatzen dizkizuegu Irunero aldizkariaren 15. orrialdean aurkituko duzuen agendan. Gaur egungo egoerak eskatzen duen ardura eta zuhurtzia ahaztu gabe, Irunero aldizkariak jai zoriontsuak opa dizkizue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude