Bidasoaldeko atletismo lasterketak harrera bikaina jasotzen ari dira korrikalarien aldetik. Bidasoa Atletiko Taldeko antolatzaileek jakinarazi dutenez, eskualdeko bi hitzordu nagusiek —Txingudi Korrikak eta Bidasoako Marato Erdiak— izen-emateen lehen tarteak agortu dituzte, prezio berrien fasean sartuz.
Alde batetik, datorren urriaren 4an egingo den Txingudi Korrika 10K mugaz gaindiko lasterketak 300 izen-emateren muga gainditu du. Lehen bi sustapen-tarteak agortu ondoren, matrikulazioa kuota orokorrera igaro da. Horrenbestez, dortsalak 19 euroan daude salgai kirolprobak.com webgunean, azken astera iritsi arte (orduan 24 euroko prezioa izango du).
Bestetik, 2027ko otsailaren 28an egingo den Bidasoako Maratoi Erdiak ere erantzun azkarra izan du eta 500 izen-ematera iritsi da jada. 21 kilometroko distantzian bigarren dortsal-tartea agortuta, hirugarren fasea zabaldu dute: dortsal berriak 34 euroan egongo dira salgai lehen 1.500 parte-hartzaileetara iritsi arte edo azaroaren 16ra arte (azken tartea 39 eurokoa izango da).
Horrez gain, Maratoi Erdiaren egunean egingo den 10 kilometroko proban ere izen-ematea zabalik dago lasterketaren atarian: lehen 150 dortsalak 19 euroan daude, urtarrilaren 31ra arteko kuota orokorra 23 eurokoa izango da eta otsailaren 1etik aurrerako azken epea 27 eurokoa.



