Irungo Udalak eta Txikis del Bidasoak elkarlanean antolatutako Girabira egitarauak bigarren geldialdia egingo du datorren ostiralean, abuztuak 28, Alai Txoko parkean. Hamabigarren edizioa betetzen duen egitasmo finkatu honek «Musika, parkeak, ekin!» lelopean hiriko parkeak bizikidetzarako nahiz aisialdirako topagune bihurtzea du helburu, familien arteko kultur gozamena bultzatuz.
Prentsaurrekoan Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Kulturako ordezkariak azpimarratu duenez, ekimen honek auzo zein espazio publikoak bizitzaz betetzeko eta hiriaz beste modu batean gozatzeko balio du. Kultura ordezkariak adierazi duenez, “umeak Irungo parkeetan hazten ari dira eta familiez gain, batez ere, lagunekin lotutako oroitzapenak sortzen ari dira bertan”. Alzagak gogoratu duenez, ekintzez betetako uda amaitzen ari den honetan, Girabiraren proposamena, aurreko egitasmoen antzera, arrakastatsua izatea espero dute Udaletik.
Parkeaz gozatzeko ekintzak
Jardunaldia arratsaldeko 19:30ean abiatuko da doako tailerrekin. Alde batetik, sormenari lotutako saioak eskainiko dira. Sorkuntza kolektiboko tailerra gidatuko du Garbiñe Martiarenak eta Jorge Madejonek aldiz, fantasiazko izakiak marrazteko tailerra proposatuko du. Ekoetxea Txingudirekin batera Alai Txokoko ingurune naturala ezagutzeko jarduera egingo da. Txikis del Bidasoako Pía Alzagak gogoratu duenez, “ekintzetan parte hartzeko ez da aldez aurretik izen ematerik egin behar”. Beraz, ekintza guztietan partaidetza irekia da eta ez da aldez aurretik izena eman behar, baina adingabeek heldu baten laguntzarekin bertaratu beharko dute.
Ondoren, 21:30etik 23:00etara bitartean, Studio Ghibli faktoriaren Mi vecino Totoro (1988) animaziozko film klasikoa proiektatuko da euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin. Ekitaldiaz erabat gozatzeko, antolatzaileek piknika egiteko manta edo oihala eraman dezatela gomendatu die familiei, merienda egin eta zine-emanaldia aire zabalean elkarrekin ikusteko. Gainera, taberna bat ipiniko dute bertan edaria edo afaria erostea nahiago dutenentzat.



