Aurrera Klinika: lau urte zure osasunaren eta mugimenduaren alde lanean

Ateak ireki zituztenetik lau urte igarotzear direnean, Aurrera Klinikak osasunaren eta fisioterapiaren alorreko proiektu sendoa finkatu du Irunen. Ibon Fidalgo eta Maider González fisioterapeuten zentroak hazkunde nabarmena izan du, puntako teknologia, esperientzia eta diziplina anitzeko taldea uztartuz. Ebidentzia zientifikoan eta pazientearen parte-hartze aktiboan oinarrituta, zentroko arduradunek beren lan metodologia eta etorkizuneko erronkak azaldu dizkigute jarraian irakur daitekeen elkarrizketan.

Jada ia 4 urte pasa dira Aurrera Klinika ireki zenutenetik. Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Maider: Orain arte, emaitza oso positiboa izan da. Hiru urte hauetan hazkunde oso nabarmena eduki dugu, ez bakarrik paziente kopuruan, baita gure fisio taldea finkatzean eta zerbitzuen kalitatean ere. Hasieran genuen ilusioari orain esperientzia askoz handiagoa gehitzen zaio eta inguruko hiri eta herrietako jendeak gugan jarri duen konfiantza ere gaineratu behar diogu.

Leialtasuna zor diozue zuen klinikako izenari. Zer aldatu edo hobetu da denbora honetan?

Ibon: Klinikako taldeak etengabeko prestakuntza eta garapen profesionalean dihardu. Teknologia berriak txertatu ditugu eta gure metodologia ere hobetu dugu. Gure oinarrizko filosofiaren inguruan lan egiten jarraitzen dugu: ebidentzia zientifikoan oinarritutako fisioterapia eta osasun zerbitzuetan, alegia. Aurtengo aldaketa nagusia zera izango litzateke, orain emaitza zehatzagoak eskaintzeko gai garela, tresna eta baliabide gehiago ditugulako.

Lehenik eta behin, ez da mina guztiz desagertu arte itxaron behar mugitzen eta errehabilitatzen hasteko

Maider González, Aurrera Klinikako fisioterapeuta

Nortzuk osatzen dute Aurrera Klinika gaur egun, eta zer zerbitzu eskaintzen dituzue?

Maider: Gaur egun, osasunean eta mugimenduan espezializatutako diziplina anitzeko taldea osatzen dugu (hiru fisioterapeuta eta kirol-hezitzaile/berregokitze espezialista bat). Lesio ortopedikoetan, kirol lesioetan, ebakuntza aurreko eta ondorengo kasuetan, hernia eta nerbioen erradikulopatien tratamenduan eta errehabilitazioan espezializatuta gaude. Tratamendu integrala eskaintzen dugu, eskuzko terapia, fisioterapia inbaditzailea, ekografia eta gimnasioan oinarritutako tratamendu aktiboa uztartuta.

Zeinen garrantzitsua da ekografia zuen eguneroko lanean?

Ibon: Ekografia ezinbesteko tresna bihurtu da. Ehun bigunen egoera momentuan ebaluatzea ahalbidetzen digu, eta, horri esker, askoz diagnostiko zehatzagoa egiteko gai gara. Gainera, funtsezkoa da tratamenduaren bilakaera objetiboki monitorizatzeko eta orratza erabiltzen duten teknikak erabateko segurtasunez gidatzeko ere.

Zer eginkizun du eskuzko terapiak klinikaren eguneroko jardueran?

Maider: Oso tresna baliagarria izan daiteke, batez ere hasierako faseetan (mina arintzeko, muskuluak erlaxatzeko eta mugikortasuna berreskuratzeko). Hala ere, guretzako ez da tratamenduaren helburua izaten, pazienteak mugimendu aktiboa lehenago berreskuratzeko lagungarri zaigun beste tresna bat baizik.

Zertan dautza eta nola laguntzen digute orratz lehorreko teknikak, elektrolisiak eta neuromodulazioak?

Ibon: Orratz oso finak erabiltzen ditugu, beharrezkoa denean ekografiarekin gidatuta, arazoaren jatorrian ahalik eta zehaztasun handienarekin lan egiteko. Gehienbat, hiru teknika erabiltzen ditugu. Orratz puntzio lehorraren bidez giharretako korapilo/kontraktura sakonak tratatzen ditugu, haien min eta tentsio handia desaktibatzen eta erlaxatzen laguntzeko. Elektrolisian ehun egituretako lesioetan zelulen birsorkuntza eta sendatze prozesua estimulatzen dugu.  Neuromodulazioak nerbio sisteman eragiten du, maiztasun baxuko korronte txikiak aplikatuz. Horrela, min iraunkorra arindu daiteke, eta, aldi berean, lesio baten ondorioz inhibitu edo ahuldu diren muskuluak “esnatu” eta behar bezala aktibatzen laguntzen dugu. Eskura dauzkagun tresna guzti hauek ondo erabiltzeak, nabarmen laburtzen du errehabilitazio prozesua.

Nola heltzen diozue errehabilitazioari eta berregokitzapenari lesio baten ondoren?

Maider: Lehenik eta behin, ez da mina guztiz desagertu arte itxaron behar mugitzen eta errehabilitatzen hasteko. Izan ere, mugimendu gidatua daukagun tresna onenetakoa da mina kudeatzeko eta errekuperazioa bizkortzeko. Gure gimnasioan, kargak pixkanaka sartzen ditugu eta hasieratik pertsona bakoitzaren lesioetara eta beharretara egokitzen ditugu; horrela, gorputza segurtasunez indartzea lortzen dugu.

Etorkizunari begira, ikasten eta gure gaitasunak garatzen jarraitu nahi dugu eta baita gure zerbitzuen kalitatea hobetzen ere

Ibon Fidalgo, Aurrera Klinikako fisioterapeuta

Zer da prehabilitazioa, eta zergatik da hain garrantzitsua ebakuntza baten aurretik?

Ibon: aurre-errehabilitazioa oraindik nahiko ezezaguna den fase bat da. Ebakuntza aurretik egiten den prestakuntza fisikoari dagokio. Arazo batzuk, adibidez derramea edo isurtzea, artikulazioen mugikortasun falta edo muskuluen atrofia, ebakuntza baino lehen konpontzea oso garrantzitsua da ondorengo konplikazioak saihesteko. Gainera, paziente hauek lehenagotik ikusteak, ebakuntza ondorengo pautak etxetik hasteko aukera ematen digu kasu batzuetan. Horrela, prozesua ahalik eta hoberen programatu dezakegu errehabilitazioa hasten duten egunera arte.

Ariketa fisikoko taldeak ere badituzue eskuragarri, horietako bat Ahultasunaren Aurkako Plana da, ezta?

Maider: Ahultasunaren Aurka Planarekin estimulu egokien bidez denborarekin indartsuago bilakatzeko gaitasuna lantzen dugu. Adineko jendeari zuzendutako programa da, zahartzaroarekin lotutako gainbehera fisikoak moteltzeko helburuarekin. Osteopenia/osteoporosia (hezur dentsitatearen galera), sarkopenia (gihar masa eta indar galera) eta erorketa arriskua murrizteko lan egiten dugu, kasu bakoitzean indar, oreka eta koordinazio ariketa egokituak erabilita. Gure adinekoek beren autonomiari eta bizi kalitateari ahalik eta denbora gehienez eustea nahi dugu.

Bestetik, Smart taldeak dituzue. Nori zuzenduta daude?

Ibon: SMART taldea osasunean eta prebentzio aktiboan oinarritzen da erabat. Aurreko lesio edo osasun arazoren bat dutenentzat (adibidez gerriko edo lepoko hernia), behin eta berriz ondoeza sentitzen dutenentzat edo mina dela-eta ohiko gimnasio batean entrenatzea ezinezkoa egiten zaienentzat diseinatuta dago. Pertsona bakoitzaren neurrira egituratutako programa bat da, atzerapausoak saihesteko eta pazienteak mugimenduarekiko konfiantza berreskuratzeko.

Nola bermatzen duzue pazientea parte-hartzaile aktibo bihurtzea?

Maider: Gure helburua ez da inoiz pazienteak gure menpeko bihurtzea, beraien osasunaren gaineko kontrola izatea baizik. Lesioari buruzko informazioa ematen diegu, gertatzen ari dena uler dezaten, eta tresnak zein ariketa jarraibideak eskaintzen dizkiegu, etxean edo gimnasioan beraien kabuz modu autonomoan lan egin dezaten.

Etorkizunerako zer erronka dituzue, eta laguntza behar duena nola jar daiteke zuekin harremanetan?

Ibon: Etorkizunari begira, ikasten eta gure gaitasunak garatzen jarraitu nahi dugu eta baita gure zerbitzuen kalitatea hobetzen ere, Irungo eta inguruko komunitateari osasun irtenbiderik onenak eskaini ahal izateko. Informazio gehiago nahi duena gurekin harremanetan jarri daiteke. Hondarribia Kaleko 34 zenbakian aurkituko gaituzte, 33 sotoaren aurrean, eta 623 007 321 mugikor zenbakira deituz edo WhatsAppera idatziz, bai eta aurreraklinika.com webgunean eta Instagram eta Facebook sare sozialetan ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude