Emigrazio Eraikinak bihar irekiko ditu ateak San Migel auzoko gizarte-zerbitzuak hartzeko

Alejandro de la Sotari eskainitako apirileko inaugurazio-erakusketaren ondoren, Emigrazio Eraikina erabat prest dago herritarrei harrera egiteko. Birgaitze-prozesu sakon baten ostean, 2.268 metro karratuko udal-ekipamendu honek San Migel auzoko gizarte- eta komunitate-zerbitzu nagusiak bilduko ditu bere barnean: Auzo Elkartea (liburutegi eta guzti), Adinekoentzako gunea eta Haurtxokoa, kanpoko patio ireki berri batekin batera.

San Migeleko Auzo Elkartea eta Adinekoen gunea —azken hau Javier Esteban Indart kaletik lekualdatua— bihar bertan, asteartea irailak 1, hasiko dira lanean. Auzo Elkarteak ate irekien jardunaldiak egingo ditu aste osoan zehar 17:00etatik 19:30era espazio berria ezagutarazteko, eta Adinekoen guneak irailaren 11n egingo du jardunaldi berezia “Udazkenean Gogoz” tailer-programa aurkezteko. Bestalde, El Rantxoko behin-behineko lekutik etorritako Haurtxokoak urrian ekingo dio bere ohiko jarduerari, hiriko gainerako haurtxokoekin batera.

Hiri ondarea herritarren zerbitzurako

Eraikinaren birgaitze sakona Irunvi Etxebizitza Sozietate Publikoak eraman du aurrera, 1963 eta 1964 urte bitartean Alejandro de la Sotak eta José María Iturriagak proiektatutako jatorrizko izaerari eta balio arkitektonikoari zorrozki eutsiz. Alejandro de la Sota Fundazioaren lankidetzari esker, Udalak hiri-ondare historiko hau berreskuratu du, San Migel auzoaren beharrei erantzungo dien topagune komunitario modernoa eskainiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude