Irungo Udalak adinekoen isolamendua prebenitzeko programaren bigarren faseari ekin dio

Irungo Udalak, Gizarte Ongizateko arloaren Adinekoen zerbitzuaren bidez, 2026ko isolamendua prebenitzeko programaren bigarren fasea jarri du martxan. Ekimena bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, eta haren helburu nagusia da laguntza pertsonalizatua eskaintzea, Udalaren baliabideak eskuragarriago jartzea eta nahi gabeko bakardade-egoerak garaiz hautematea.

Urtean zehar bi etapa izaten dituen programa honek hiru kolektibo nagusi hartuko ditu kontuan iraila eta abendua bitarteko fase honetan: Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoak, azken urtean bakarrik bizitzera igaro direnak, eta babes sozialik ez izateagatik Gizarte Zerbitzuen iritziz arreta berezia behar dutenak. Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak azpimarratu duenez, “bakarrik dauden adinekoekin lan egiten jarraitzea oso garrantzitsua da, baita beharrezko babes profesionala ematea ere, gure helburua inor bakarrik ez sentitzea baita”.

Prozesua hasteko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritarrek Adinekoen zerbitzuaren gutun bat jasoko dute datozen egunetan. Segidan, Amagoia Caballero programako psikologoak telefonoz deituko die, elkarrizketa indibidualizatu eta borondatezko bat eskaintzeko. Topaketa hori pertsonaren etxean bertan edo beste leku batean egin ahalko da. Segurtasuna eta lasaitasuna bermatzeko asmoz, profesionala Udalak emandako egiaztagiri batekin joango da eta bisita amaitzean elkarrizketa klinikoaren agiria emango die parte-hartzaileei.

Estimulazio kognitiborako tailerrak

Elkarrizketa horien bidez, bakoitzaren beharretara gehien egokitzen diren udal-baliabideen berri emateaz gain, estimulazio kognitiboko asteroko tailerretan parte hartzeko aukera eskainiko da. Jarduera hauek ordu eta erdiko iraupena izango dute eta astean behin egingo dira hiriko zenbait zentro sozial eta auzo-elkartetan:

  • Palmera-Montero Gunea: astelehenetan, 10:00etatik 11:30era.
  • Iraso zentro soziala: asteazkenetan, 10:00etatik 11:30era.
  • Lekaeneko espazio soziala: asteazkenetan, 12:00etatik 13:30era.
  • Artiako auzo-elkartea: astearteetan, 10:00etatik 11:30era.
  • Elitxu auzo-elkartea: astelehenetan, 16:00etatik 17:30era.

Tailer hauen bidez gaitasun kognitiboak (kontzentrazioa, lengoaia edo funtzio exekutiboak) nahiz abilezia sozialak eta erregulazio emozionala lantzen dira, parte-hartzaileen ongizatea eta harreman sozialak nabarmen hobetuz. Programan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten adinekoek edo informazio gehiago nahi dutenek Adinekoen zerbitzura dei dezakete 943 50 53 48 telefono zenbakira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude