Irungo Udalak gurpil-aulkiak garraiatzeko trizikloa laga dio ‘Nagusikleta’ proiektuari

Irungo Udalak, Hiritar Foroak partaidetza bidezko aurrekontuetan egindako eskaerari erantzunez, gurpil-aulkiak garraiatzeko plataforma kulunkaria duen triziklo elektriko berri bat laga die Nagusilan eta Balazta elkarteei. Ekimen honi esker, Irun bihurtu da eguneroko zein motordun gurpil-aulkiak garraiatzeko gaitasuna duen triziklo propioa duen Gipuzkoako lehen udalerria. Ibilgailu berriak 15.000 euroko kostua izan du —duela urte eta erdi lagatako beste triziklo bati gehitzen zaiolarik— eta nazioarteko ‘Cycling without Age’ (bizikletaz adinik ez) egitasmoan oinarrituta dago.

Triziklo honen bidez, ‘Nagusikleta‘ proiektuak paseoak eskainiko dizkie Hondarribiko zein Irungo adinekoen zentroetako egoiliar eta erabiltzaileei, erretiratu boluntarioen laguntzaz. Josu Iguíñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak azpimarratu duenez, ekimen honek adinekoen gizarte-partaidetza aktiboa bultzatzen du eta nahi gabeko bakardadeari nahiz bazterkeria-arriskuari aurre egiten laguntzen dio, mugikortasun murriztua duten pertsona guztiei hiriaz zein inguruneaz gozatzeko aukera bermatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude