Irunek % 97,8ko hotel-okupazioarekin eta bisitarien gorakadarekin itxi du uda

Bidasoa Bizirikek jakinarazi duenez, Irunek eta Hondarribiak turismo-balantze oso positiboarekin itxi dituzte uztaila eta abuztua. Bi udalerrietako turismo-bulegoek 17.127 bisitari artatu dituzte guztira (% 7,4ko hazkundea 2025eko datuekin alderatuta), eta hazkunde hori bereziki nabarmena izan da Irungo bulegoan, 3.270 pertsona hartuta (% 48 gehiago). Hotelen okupazioari dagokionez, Irunek % 97,86ko betetze-maila lortu du abuztuan (% 45 atzerritarrak izanda), eta Hondarribiak % 95,26koa. Nuria Alzaga Bidasoa bizirikeko presidenteak azpimarratu duenez, datuek erakusten dute hiriak, bertako ondareak eta udako proposamenek gero eta interes handiagoa pizten dutela.

Kultura- eta natura-eskaintzak ere bisitari kopuru handia erakarri du. Oiasso Erromatar Museoak 7.988 bisitari jaso ditu uztailean eta abuztuan (% 8 gehiago), eta Dies Oiassonis jaialdia barne hartuta 17.366 pertsonatara iritsi da. Bereziki aipagarria da Irugurutzetara Tren Txikitoan egindako bisiten arrakasta, iazko erabiltzaile kopurua hirukoiztu baitu (669 pertsona). Bestalde, Ekoetxea Txingudik 3.000 bisitari inguru jaso ditu bi hilabeteetan, eta hiriko bisita gidatuek zein Junkaleko kanpandorrerako igoerek erantzun bikaina izan dute.

Azkenik, uda honetan turismo jasangarria eta bizikidetza sustatzeko neurriak indartu dira. MUGI txartel anonimoak turismo-bulegoetan saltzeko eta kargatzeko aukera jarri da martxan, garraio publikoaren erabilera erraztuz. Estitxu Urtizberea presidenteordeak azaldu duenez, helburua turismoa modu arduratsuan kudeatzea da, bisitarien esperientzia eta bertako herritarren eguneroko bizimodua uztartuz, Bidasoa eskualdea Turismo Helmuga Adimendun gisa sendotzeko bidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude